argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko ordezkaritza eta Frantziako Justizia ministeritza elkartuko dira gaur
  • Abenduaren 9ko manifestazioaren ostean egingo duten aurreneko bilera da. 

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko abenduaren 27a

Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioko kideek eta Ipar Euskal Herriko eragileen ordezkaritzak osatzen duten batzordea gaur elkartuko da. Abenduaren 9an Parisen egindako manifestazio jendetsuaren ondoren aurreneko aldiz elkartuko dira. Manifestazio horretako “argazkiarekin” joango direla jakinarazi dute Ipar Euskal Herriko ordezkariek.

Joan den astean Bakegileek eta Sarek elkarrekin egin zuten prentsaurrekoan eman zuten hitzorduaren berri. Mixel Berhokoirigoin bakearen artisauak, “pausu konkretuak” eman behar direla adierazi zuen. Hain justu horixe dute gaurko bilerako helburuetako bat, euskal presoen auzia konpontzeko neurriak hitzartzen hastea. 

Abenduaren 9an milaka herritar elkartu ziren Parisko kaleetan euskal presoen eskubideen defentsan. Frantziako alderdi politiko ia guztietako ordezkariek babestu zuten martxa, baita, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen, En Marchè, alderdiko zenbait diputatuk ere.