argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko hedabide berria abenduaren hasieran jarriko dute martxan
  • Abenduko lehen hamabostaldirako abiatuko da Ipar Euskal Herriko hedabide berria. Proiektua, “herritarra, parte-hartzailea eta autofinantzatua” izatea nahi dute.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 22a
Ipar Euskal Herriko hedabide berriari buruzko informazioa eskaintzeko gunea. (Argazkia: Sylvain Sencristo/ Kazeta.eus)

Frantsesezko web gunea izango da abenduan martxan jarriko dena. Euskaraz berriz, jada martxan den beste gune batekin elkarlanean ariko da: kazeta-rekin. Paperezko astekariaren lehen alea otsail aldera kaleratuko dute. Abiapunturako, "0" zenbaki bat aterako da eta bertan komunikabide berriaren izaera eta edukia azalduko dira.

Ipar Euskal Herriko leku ugaritan 17 sostengu talde egin eta guztira 400 pertsonaren babesa lortu du proiektuak. Dena den, laguntza kanpaina abenduaren 31ra arte martxan egongo da. Hedabide berriak 1.000 sostengu lortu nahi ditu eta sostengatzaileei harpidedun izatea proposatuko zaie.

Le Journal du Pays Basque egunkariaren itxierak abiatutako gogoetatik sortu da hedabide berria:  Ipar Euskal Herrian informazioa beste ikuspuntu batetik emateko beharra sumatu zuten zenbait herritarrek.

Izenaren bila

Hedabide berriak oraindik ez du izenik. Sontengatzaileek urriaren 26ra bitarte izango dute bozkatzeko aukera harremanak@hedabideberria.info helbidera mezu bat bidaliz.

Orain arte proposatu diren 46 izenen artean, hainbat irizpide kontutan hartuz aurre-aukeraketa egingo da. Hortik, bozka bidez herritarrak berak hautatuko du izena.