Bost urte bete ditu eusko monetak. Besteak beste, Euskal Moneta elkarteak Baionako Herriko Etxearekin hitzarmena egina du monetaren erabileraren gainean. Alabaina, gure Iparraldearen begiradapeko Macron aroaren prefetak auzibidean jarri du moneta.
Eusko lekuko moneta osagarria da. Europako rankinean bigarrena. Irudiz, bere ibilbideak traba egin du Frantziako estamentuetan, ekonomiko, politiko eta juridikoetan.
Prefetak auzitegian sartu du moneta eta bere desmartxa: “Euskoari kalte egin nahi zaio; izugarri ongi martxan da Euskal Herrian. Espero dut arrazoi politiko bat ez izatea Euskal Herria moneta hori debekatzeko”, erran du Baionako auzapez Jean Rene Etxegarayk
2014ko Hamon legeak lekuko monetak arautzen ditu, baina 2012ko dekretu batekin talka egiten du. “Berritasuna da deliberoan aipatzen dela euskoa erabili nahi dutela ordainketak egiteko. Orain arte hori ez da egiten Frantzian”, zehaztu du, Euskal Monetako Xebax Christy kopresidenteak.
Kontuak kontu, afera korapilatu da eta gobernuak ez du erabakirik hartu. Frantziako estatu idazkariaren iritziz, euskoaren gainean ebaztea “Justizia administratiboari dagokio”. Xebax Christyren iritziz, jarrera horrek “argi berdea” eman dio euskoaren aferari. Hartara, prefetak auzitegira jo du.
Edonola ere, Euskal Moneta Elkartea ez da beldur, Xebax Christyk dioenez “Auzitegietara joatea ez da hain gaizki, juridikoki, Baionaren eta elkartearen arteko akordioaren argumentu juridikoak biziki onak baitira”.
Ipar Euskal Herriko Hitzan sakon landutako erreportajean Jean Marie Harribey Ekonomistak honela erantzun dio Joanes Etxebarria egileari: “Monetak izaera bikoitza behar du”
Jean Marie Harribey Attac elkarteko presidente izan da urteetan. Economistes Aterres kolektiboarekin argitaratutako Moneta, afera politiko bat liburuaren izenburuak argitzen du moneta ofizialen eta hauen osagarrien arteko harremana: “Moneta afera politiko da”.