Irailaren 30ean Sukaldetik plazara. Ipar Euskal Herriko emazteen askapen mugimenduaren historia dokumentala aurkeztuko dute Baionan.
Gure genealogia feministak egitasmoaren baitan, Ipar Euskal Herriko hainbat emakume elkarrizketatu zituzten Miren Aranguren eta Edurne Epelde egileek. Orain, material hori bildu eta dokumentala egin dute “ezezaguna zen historiari argia emateko saiakeran”.
Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro feministak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak abiatu zuten Gure genealogia feministak. Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat liburuaren proiektua. Apirilaren bukaeran aurkeztu zuten liburua.
Emakumeen Mundu Martxa Baionan izanen da irailaren 30ean, eta hitzordua aprobetxatuz data hori aukeratu dute dokumentalaren aurkezpen ofizialerako. 20:30ean eginen dute Kalostrape ostatuan.
Martxa 12:00etan iritsiko da Lapurdiko hiriburura. Elkarretaratzea, hitz hartzea, harrera eta bazkaria eginen dituzte Udaletxe Plazan. 15:30ean Hondarribiarako bidea hartuko du Emakumeen Mundu Martxak.
SUKALDETIK_PLAZARA Trailerra from Hodei on Vimeo.