argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko ehunka etxalde laguntzarik gabe geratzeko arriskuan
  • Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) salatu du Ipar Euskal Herria eta Biarnoan 700 etxalde –behi etxaldeen %16– laguntzetatik kanpo gera daitezkeela, Europa mailan negoziatzen ari diren PAC edo Nekazaritzako Politika Komunaren harira Frantziako Gobernuak proposatuko duelako 10 behi baino gutxiago dauzkatenak laguntzen eskematik kanpo lagatzea.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 19a
Azaroaren 27an 30 bat auzapez bildu ziren suprefeturaren aintzinean ELB sustengatzeko. (Argazkia: Bob EDME / Kazeta.info)

ELB-k gogor kritikatu du FNSEA Frantziako laborantza sindikatu nagusia, PACaren negoziaketan erakutsi duen jokabideagatik. Laborantzako patronal handiaren interesak defenditzen dituen sindikatu horrek proposatu zuen 30 behitan ezartzea gutxieneko marra, ELB barne den Confederation Paysannek 3 behitaraino mugatzea, eta Parisko gobernuak "erdibidea" egin du 10etan ezarriz.

Ondorioz, ELBk Pirinio Atlantiarreko 700 etxalde –behi etxaldeen %16– laguntzetatik kanpo geratuko liratekeela salatu du, "eta milaka Frantziako Estatuan".

Gainera, produktibitate maila minimoa behi bakoitzeko 0,8 txahal (orain 0,6  da) izatea proposatu du FNSEAk. "Hori aintzat hartuko balute, Pirinio Atlantikoetako departamenduko –eta horrenbestez, baita Ipar Euskal Herriko– hazleen %70k ez luke inolako produktibitate-saririk jasoko", adierazi dute laborariek.

Antzeko ondorioak izango lirateke ardigintza esparruan. Ardi bakoitzeko izaten den hobaria %25 jaistea (21 eurotik 16 eurotara) proposatu du FNSEAk. Horrekin batera, diru-laguntzak eskuratzeko baldintzak zorrozteko ere eskatu dute, Kazeta.info-k azaldu duenez.

"FNSEAren aldarrikapen produktibistak sustengatuz eta laborarieri baino gehiago produkzioari lehentasuna emanez, laborantxako ministroak milaka etxalde laguntzetarik kanpo emaiten ditu, etxalde hauek direlarik gehienetan gizartearen galdeekin bat doaztenak: laborantxako enplegua atxikiz, ekoizpenen kalitatea segurtatuz, ingurumena zainduz".

Erabakia, heldu den astean

Frantziako Laborantza Ministerioak heldu den astean hartuko du erabakia. Bien bitartean, ELBko kideek haien "arrangura berdinak dituzten auzapez eta herriko etxeen zerrenda" bidali diote prefetari, laborantza ministeritzari helaraz diezaion. "Laguntzen banatzeko molde zuzena" nahi dutela diote, "kriterio baztertzailerik gabekoa, herrietako etxalde kopurua atxikitzeko gisan". Jean-Jacques Lasserre kontseilari nagusi eta senatariak ere bat egin du aldarrikapen horiekin.

ELBri sustengua azaldu dioten Herriko Etxeen zerrenda plazaratu du Kazeta.info webguneak:

Altzai-Altzabeheti, Zunharreta, Omizegañia, Lexantzü-Zühanarre, Ozaze-Zühara, Lakarri, Gamere-Zihiga, Hauze, Etxebarre, Hiruri, Zalgize-Doneztebe, Altzuruku, Muskildi, Urdiñarbe, Maule, Mithikile, Etxarri, Xarrikotapea, Aiziritze, Ozeraiñe, Amoroze-Zokotze, Oragarre, Gabadi, Lohitzüne, Phagola, Izura, Larzabale, Bunuze, Ainhiza-Monjolose, Lakarra, Suhuskune, Jatsu, Buztintze, Irisarri, Ortzaize, Azkarate, Lasa, Banka, Eiheralarre, Behorlegi, Lekunberri, Mendibe, Aintzila, Donamartiri, Bastida, Donostiri, Lekorne, Luhusoa, Itsasu, Ezpeleta, Senpere, Sara, Uztaritze.