argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriarentzat kalitatezko osasun-sare publikoa eskatu du LABek
  • Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin abenduaren 8an iraganen diren funtzio publikorako hauteskundeetan aurkeztuko da sindikatua.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 22a
LAB sindikatuaren prentsaurrekoa Donibane Garazin (Argazkia: LAB)

"Langile guzientzat lurraldeko langileak ordezkatzeko batzorde bakarra sortu beharra dagoela diogu, eta osasun publikoaren kasuan, egiazko osasun-sare publiko bat sortu behar dela lurralde osoan, Donibane Lohizunetik Mauleraino". Mezu hori luzatu du LAB sindikatuak Donibane Garaziko herriko etxe aitzinetik. Ipar Euskal Herriko funtzio publikorako hauteskundeak abenduaren 8an iraganen dira, eta kanpainari abiatzea eman diote irailaren 19 honetan.

Donibane Garazitik hasi du sindikatuak hiru lurraldeak zeharkatuko dituen kanpaina ibiltaria, "Zurekin bagara. Egiteko beste modu bat" lelo pean zabalduko dituzte haien eskakizunak. Hainbat eskari aurkezten eta zabaltzen ariko dira LABeko kideak: lan-baldintzen eta ordainketa-erregimena baikorki harmonizatzea; gutxienez 28 orduko lan-kontratuen finkatzea; langileen segurtasuna eta osasun fisiko eta mental ona bermatzea; langileen mugikortasuna, birsailkapena eta lan-toki aldaketa erraztea lurraldean; lanbideen aitortza eta baloratzea, bereziki animazioa, medikuntza eta jendarte laguntzako arloetan, non emakumeak ari diren nagusiki; kultur eta jendarte jardueretarako aurrekontua ezartzea, tokiko ekonomia eta zirkuitu laburrak sustatuz; osasun-profesionalen erakartzea eta leialtzea, bereziki etxebizitza eta garraio publikoa eskuratzeko aukera emanez; eta orokorki, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea lurralde osoan.