argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi autonomia handiagoren alde daude
  • IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 26a
Aberri egunean Donibane Garazin egindako burujabetzaren aldeko manifestazioa. EH Bai

Frantziako Estatuaren zentralizazioaren kontrako iritziak azaleratu ditu IFOP institutuaren ikerketak: herritarren %71k estatua federala bihurtu nahi du; neurri horrek eskualdeen autonomia indartuko luke. Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioaren udako ikastaroan aurkeztu dute txostena, Korsikako Bastia hirian.

Egileek ondorioztatu dutenez, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko herritarrek lurraldeek botere nahikorik ez daukatela pentsatzen dute, parte hartzaileen %70ak hala adierazi baitu. Modu berean, inkestatukoen %90ak estatua tokiko errealitatetik oso deskonektatuta dagoela uste du.

Ipar Euskal Herriko herritarren %91 hizkuntza gutxituen aitorpenaren alde agertu da ikerketan, Frantziako Estatu osoan aldiz, %77. Euskarari dagokionez, Ipar Euskal Herriko %71k hizkuntzaren koofizialtasuna nahi du, eta %66k eskoletan irakastea derrigorrezkoa izatea. Ikerketako parte hartzaileen %74k uste du hauteskundeetan aukeratutako kargu publikoek euskaraz hitz egiteko gai izan behar direla.

Estatus instituzional berria helburu

EH Baiko kudeatzaile instituzional Xabi Larraldek ikerketa argitaratu ostean zera berretsi du: "Bosgarren Errepublikaren eta bere erakundeen krisiaren aurrean, Estaturik gabeko nazioekin modus vivendi berri baten beharra dago". Testuinguru horretan, "estatus instituzional berri baten eta euskararen koofizialtasunaren aldeko dinamika politiko sendo baterako baldintzak" betetzen direla uste du.