Jean Castex Frantziako Lehen ministroak hitza hartu du COVID-19ari dagokionez harturiko erabaki berriak plazaratzeko. Bere ondoan ukan ditu beste hainbat ministro: Kultura ministroa, Osasun Ministroa, Ekonomia Ministroa eta beste. Frantziako Estatuan izurritea "kontrolatua" bada ere, egoerak "hauskorra" izaten segitzen duela argi utzi du. Frantziako gobernuko kideek ez dute, ordea, oraindik konfinamenduaren beharrik ikusten.
Etxeratze agindua 20:00etatik 18:00etara pasako da Ipar Euskal Herriko herritarrentzat larunbatean, eta hori gutxienez bi asterentzat. Orokorrean, Frantziako Estatuaren menpe diren herritar guztiei bideratuko zaie neurri berri hau. Azken aste hauetan soilik departamendu bakar batzuek zuten 18:00etan etxeratzeko manua –kutsatze tasa altuena zuten departamenduek– baina aldi honetan, guztiei aplikaraziko diete neurria. Castex Lehen ministroaren zifren arabera, etxeratze agindua 18:00etan zeukaten departamenduetan kutsatze kopurua "bi ala hiru aldiz apalagoa" izan da 20:00etan zeukaten departamenduei konparatuz. Hori horrela, neurria orokortzeko erabakia hartu dute.
Haatik, konfinamenduaren beharrik ez dute oraindik ikusten, nahiz eta argi utzi egoerak okertzen baldin badu, konfinamendua egon egonen dela.
Frantziako Estatuan izurritea "kontrolatua" bada ere, egoerak "hauskorra" izaten segitzen duela argi utzi du. 23.852 kutsatze berri izan dira azken 24 orduetan, eta 232 heriotz gehiago –69.000 heriotzen kopurua gainditurik da Frantziako Estatuan–.
"Drama" honen aurrean txertoa da aterabidea Lehen ministroaren arabera. "Pazientzia kolektiboa" eskatzen du, txertatze orokortua ez delako ondoko hilabeteetan etorriko. Hala ere, "nahi duen oro txertatua izanen da", Osasun ministroak segurtatu duenez. Gaurko egunean, 300.000 bat lagun txertaturik dira Frantziako Estatuan, tartean 190.000 osasun arloko langile. Helburua argiki finkaturik dute eta beteko dutela azpimarratu du Osasun ministroak: hilabete bukaerako milioi bat lagun txertaturik izango dira Frantziako Estatuan. Astelehenetik aurrera, 75 urtez goragoko edozein pertsona zaurgarri txertatzen ahalko da, 700 bat gunetan, hitzordua aitzinetik hartuz gero.
Krisi ekonomikoak gogor jotzen duela eta, enpleguak eta enpresak mantentzea jarri dute lehentasun gisa, beste behin ere. Azkenik aipaturiko sektorea, kulturarena. Roselyne Bachelot Kultura ministroak argi utzi du: "Maleruski, oraingoz, jendearentzat itxita dauden kultura-lekuekin bizitzen segitu behar dugu". Kultura arlokoen kezken aurrean, Bachelotek zehaztu du gobernuak "ezarritako laguntza espezifikoek" aurrera segituko dutela. Sektoreko eragileekin "elkarrizketak" segitzeko garrantzia ere azpimarratu du.
Ostatu eta jatetxeei begira harturiko hiru neurri ere azaldu ditu Ekonomia ministroak: hasteko, orain arteko laguntzek segituko dute. Bestetik, orain arte indarrean egon den 10.000 euroko laguntza orokorra "negozio-bolumenaren ehunekotan pasatuko da" negozio-bolumenaren %70 galdu dutenentzat. Laguntza 200 000 euro artekoa izan daitekeela zehaztu du. Estatuak bermatutako maileguei dagokienez, adierazi duenez, nahi izanez gero, enpresek urte bat gehiago izango dute dirua itzultzeko.
"Helburutzat dugu zero karga sozial, eta hori kulturan, kirolean, sukaldaritzan zein ostalaritzan gogor penalizatutako enpresentzat", Ekonomia ministroaren hitzetan. Mahastizaintzako sektorea ere lagunduko dutela argitu du, krisiarekin lotutako zailtasunak estutu egiten baitira Ameriketako Estatu Batuetako zigorren ondorioz –Trump zerga dela eta, are gehiago zergapeturik dira gaur egun arnoen esportazioak–.
Bestalde, goi-mailako hezkuntzan "kezka handia" dagoela badakitela zehaztu du Lehen ministroak. Hain zuzen, kurtso presentzial arras guti izanki, ikasleen egoera emozionala txarrenean da gaur egun. Hori horrela, unibertsitateko lehen urtekoentzat "talde txikitan" presentzilean eginen dira kurtso bakar batzuk, urtarrilaren 25etik aitzina. Neurri hori gainerateko ikasleei ere zabaldu ahal izango zaie, "osasun-egoerak uzten badu".
Bestela, izan lehen mailan, kolegioetan zein lizeoetan eskolek irekita segituko dute, babes-neurriak azkartuz. Kantinei dagokionez, arreta eta babes-neurri handiagoak hartuko direla zehaztu du Hezkuntza ministroak. "Inoiz baino gehiago sinesten dugu eskolak irekita edukitzea oso garrantzitsua dela" Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren hitzetan.