argia.eus
INPRIMATU
Intsusaren bigarrena
  • Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko gaia emango didala.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2024ko apirilaren 22a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Orduan euskaldunok lintsusa, plausta, sabuka, sakuta, txutxika eta aztunpa ere deitzen diogun sendabelar honen ikuspegi antropologiko eta etnografikoak izan nituen hizpide baina gaurkoan praktikotasunera jaitsiko naiz, kosta aldean aurreneko intsusa loreak ikusiak baititut eta berarekin lan egiteko garai ezin hobea baitugu hau. 

Egun eguzkitsua denean eguerdi aldera loreak bilduko ditugu, ondo zabaldutako lore buruak bakarrik, dozena bat edo. Ahuspez ipiniko ditugu erretiluan eta sukaldera eramango. Bi arrautza eta gatz pittin bat irabiatu eta aurreneko lore burua ongi igurtziko dugu, zartaginean olioa berotzen den bitartean. Akaso irina ere ipini nahiko diozue, niri arrautzetan pasa ondoren txitxirio irinez biltzea gustatzen zait baina aukerakoa da. Kroketak balira bezala frijitu ongi, gorritu arte, eta azpian papera ipinitako erretiluan utzi. Mokadu oso goxoa eta osasungarria egingo dugu, hesteetarako bereziki ona. Beherakoa eragiten badu gehiegi jan ditugun seinale, halakoetan pare bat janez hastea eta pixkanaka kopurua igotzea komeni izaten da.

Kosmetiko polita egingo dugu lore hauek oliotan beratuta. Buruz behera lehortzen utzi eta lehortu berri daudela ekilore olio ekologikotan beratzea gomendatzen dut. %25ean loreak ipini eta Maria bainuan ordu erdian berotuko dugu, ondoren gau osoan dagoen bezala utzi (beratzen jarrai dezan) eta goizean bi aldiz iragazi, lehenengo iragazki metalikoz eta gero oihal trinko bat erabilita. Kristalezko botila ilun eta hermetikoan ondo egongo da. Larruazala leuntzeko, baretzeko eta argitzeko erabiltzen da, antiinflamatorioa eta depuratzailea baita. Hala, makillajea kentzeko erabil daiteke baina baita masajerako ere. Oherakoan aurpegia garbitu eta pittin bat igurtziz gero hasiko zarete intsusa estimatzen. 

Lore lehortu berriak eta orain indartsu daukagun plantaina arraren (Plantago lanceolata) hosto lehortu berriak kopuru berean nahastu eta infusiotarako jasotzea ere ideia ona da. Udazkenean arnas bideetako gaitz eta ajeak hasten zaizkigunerako infusio egokia dugu hau. Azken urteotan niri biekin tintura egitea gustatzen zait, sendabelarra eskura edukitzeko oso modu ona baita. Tintura indartsuagoa eta inmuno estimulatzailea egin nahi duenak bildu ditzala udazkenean intsusaren aleak, lehortu eta egin dezala tintura (aleak %25ean). Udaberrian egindako tintura eta udazkenean egindakoa %50ean nahastu ondoren eta horra hor erremedio indargarri on bat: probatu duenak badaki.

Sendabelar lorea eta ale helduak seguruak dira baina hostoak eta ale heldu gabeak toxikoak dira. Ez ditugu ez barne erabileran eta ez kanpo erabileran hartuko. Haurdunaldian eta edoskitzaroan intsusa ez da segurua, odolaren oxigenazioa handitzen duela badakigu eta erabateko segurtasuna emango digun ikerketarik ez dago. Aleak ez dira bateragarriak immunitatea gutxiarazteko botikekin eta kortisonarekin baina loreak, aldiz, bai.