argia.eus
INPRIMATU
Hiru lagun hil dira Sevillan, egoera txarrean zeuden jakiak ahoratzeagatik
  • Bikote bat eta 14 urteko alaba zendu dira elikagai intoxikazio baten eraginez Sevilla ondoko Alcala de Guadaira herrian. 13 urteko beste alaba ospitaleratu egin dute. 

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 16a
Heriotzaren zergatia ez dago garbi eta osasun teknikariak eta Polizia intoxikazioaren kausak aztertzen ari dira.

Gertaera hori medio, Andaluziako Juntak osasun alerta dekretatu du, eta osasun teknikariak eta Polizia intoxikazioaren kausak aztertzen ari dira.

Krisiak bultzatuta gizonak iturgin lana galdu zuen, eta familia egoera larrian zegoen. Bizilagunek jakinarazi dutenez, haurrak ikastetxean zeuden bitartean, bikotea kalean bildutako kartoiak, plastikozko kaxak eta arropa saltzen ibiltzen zen diru apur bat lortzeko.

Duela urte batzuk enbargatutako pisu batean bizi zen familia, baina ez zeukaten kaleratze agindurik.

Herritarrek esan dutenez, saltokiek iraungi berri edo iraungitzear zeuden elikagaiak ematen zizkieten sarritan eta hortaz elikatzen ziren. Baina oso eskuzabalak zirela gaineratu dute, dendaren batek elikagaiz betetako kaxa ematen zienean auzoko eta eraikineko beste familien artean banatzen baitzituzten.

Miriam Burgos udaletxeko ordezkariak jakinarazi duenez, “familiak ez zuen zerbitzu sozialik jasotzen, nahiz eta iragan urrian soldata soziala eskatu zuten eta hori lortzeko tramiteetan zebiltzan”.

Herriko Caritas erakundeak adierazi du bi urte baino gehiago zirela bertan laguntzarik eskatzen ez zutela, eta aurretik ere oso gutxitan jo izan zutela haiengana.

Sevillako Alcala de Guadaira herriak 74.000 biztanle inguru ditu eta Caritasek 700 familiei ematen die laguntza, Antonio Muñoz, erakunde horretako herriko koordinatzaileak azaldu duenez. Zenduak bizi ziren auzoko parrokian bakarrik, berrehundik gora sendik jasotzen dute laguntza.

Muñozek gogorarazi du Caritasek iraungitze datarik gabeko elikagaiak banatzen dituela soilik. Gaineratu du herriko familia askok elikagaiak zaborrontzietatik jasotzen dituztela gauez, “lotsa saihesteko”.