"Instituzioek herri mugimendu sendoa behar dute desobeditzeko"

  • Desobedientziari buruzko jardunaldiak egin dituzte Gasteizko hainbat eragilek Gaurdanik, gugandik,desobedituz eraiki lelopean, maiatzaren 13an eta 14an.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz
2016ko maiatzaren 30a
'Desobedientzia instituzioetan, ezinezko misioa?' mahai ingurua antolatu zuten Gasteizen (argazkia: Ane Urkola).

Jardunaldi horien barruan, Desobedientzia eta erakundeak. Ezinezko misioa? mahai ingurua antolatu dute. Bertan hartu dute parte Helena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatu ohiak, Anna Gabriel Herrialde Katalanetako CUPeko diputatuak eta Mari Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Justizia eta Barne kontseilariak.

Legalitatea eta justiziaren arteko talka

Helena Francoren iritziz, XXI. mendeko sistema kapitalista ez da justua, eta beraz, bere euskarri den legalitatea ere ez. Testuinguru horretan, “eraikuntza sozialaren alde gaudenok tresnak erabili behar ditugu; horien artean daude instituzioa, herri mugimendua eta borroka ideologikoa”.

Francoren iritziz, instituzioei jarritako baldintzek mugatuko dute beren jarduna. Zentzu horretan, erakundeek desobedientziarako potentzialitatea izango badute, beharrezkoa da atzean herri mugimendu sendoa izatea, “legalitateak kenduko dizkien aukerak, herriaren legitimitateak emateko”. 

Anna Gabrielen arabera, hiru ardatz izan behar dituzte ezkerreko alderdiek instituzioetan: “instituzioek desobedientziarekin harremanak egitea", batetik; "errealitate alternatibo desobedientea sortzea" bestetik; eta azkenik, "desobedientziaren errelatoak –zer den, zer ondorio eragiten dituen– guk geuk sortzea".

Kataluniako egoera ekarri du mahaira: “Prozesu eratzailea hasi nahi dugu Katalunian, hau da, gaur egun Espainiako Estatuan indarrean dauden legeak indargabetu nahi ditugu, eta lege berriak egin. Espainiako Gobernuak ez badu hori ahalbidetzen, desobedientzia bidez egin beharko dugu” .

Gabrielen aburuz, “gaur inoiz baino baldintza hobeak” dauzkate horretarako Katalunian. Zentzu horretan, muga ez da izango legea, baizik eta herriak emandako legitimitatea”.

Helena Franco: "Desobedientzia instituzionalerako beharrezkoa da herri mugimendu sendoa izatea, legalitateak kenduko dizkien aukerak, herriaren legitimitateak emateko"

Beaumonten ustez, legalitateak eta justiziak etengabe egiten dute talka. Testuinguru horretan, Gobernuek "segurtasun juridikoarekin" hartu behar dituzte erabakiak. Era berean, herritarrek ezagutu behar dituzte legeak ez betetzeak ekar diezazkiekeen ondorio negatibo eta positiboak, "arbitrariotasun egoera" sor ez dadin.

Instituzioetan egin daitezkeen urrats txikiak

Desobedientzia, bere horretan, oso hitz potoloa da; abstraktua ere iruditu liezaioke baten bati, praktikan jartzeko zaila. Dena den, Francoren eta Beaumonten ustez, egunerokoan hartutako erabaki "txikiak" ere garrantzitsuak dira.

Legalitatetik abiatuta, posible da aberastasunaren bidezko banaketa? Horixe dinamizatzailearen galdera. Ogasun diputatu ohiaren erantzuna argia izan da: ez. Nolanahi ere, argi utzi du: "Gauza txiki batzuk egin daitezke; txikiak izanagatik ere, garrantzitsuak dira, sistemaren euskarriak alda ditzaketelako". Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian ezarritako Aberastasunaren Gaineko Zerga jarri du horren adibidetzat.

Beaumontek ere ildo beretik jarraitu du, Nafarroako Gobernuaren jarduna oinarri: "Injustuak diren legeak aldatu egin behar ditugu. Badakigu ez digutela utziko nahi ditugun guztiak aldatzen, baina saiatu egin behar dugu". Gogorarazi du, bide batez, Espainiako Estatuko Auzitegi Konstituzionalak helegitea jarri diela Nafarroako 12 legeri.

Sistemaren barneko elementuak aldatu behar direla nabarmendu du, "gauzak egiteko eta antolatzeko moduak, ondoren etorriko direnek horiek aldatzea hain erraza izan ez dezaten".

Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak

Gipuzkoako Ogasun diputatu ohiak adierazi du herri mugimenduen eta instituzioen arteko “konplizitatea” behar dela, “ez aliantza puntuala”. Francoren aburuz, ezkerreko jendeak instituzioetan egin dezakeen lanarekiko “mesfidantza” handia dago, eta pentsamendu hori aldatu beharra dago: “Eraikuntzaren aldeko indarrek dauzkagun tresnak elkarren osagarri bihurtu ezean, aldeetako inork ez dugu ezer lortuko”.

Beaumont ere iritzi berekoa da: “Mugimendu sozialen eta gobernatzaileen eztabaidak, foroak eta konplizitateak garatu behar dira, bi aldeen arteko eztabaida, kontrola eta komunikazioa etengabekoa izan dadin”. Horrek ez du kentzen, ordea, aliantza puntualak egitea momentu zehatz batean, “emaitza hobea izan dadin”.

Mari Jose Beaumont: "Aldatu egin behar ditugu gauzak egiteko eta antolatzeko moduak, ondoren etorriko direnek horiek aldatzea hain erraza izan ez dezaten".

Zentzu horretan, Francok adierazi du eraikuntza sozialaren aldeko indarrekin inplikatu behar dutela ezkerreko gobernuek, Mozal Legea bezalako legeei aurre egiteko, esaterako: “Erakundeek baliabide ugari (legalak, giza baliabideak, ekonomikoak…) dituzte eta horiek erabil ditzakete. Orain arte gutxi erabili da aukera hori eta garatu egin behar da”.

Indar korrelazioa sortzeko, bakoitzak dituen mugak eta aukerak kontuan hartu eta norabide berean lan egitea da bidea, Francoren iritziz. “Instituzioen muga da tresna hori erabilgarri mantentzea. Desobedientzia modu batera edo bestera planteatzeak tresna hori  baliogabetu dezake. "Inhabilitazioak maila pertsonalean ez dit beldurrik ematen; beldurra ematen dit gobernu osoa inhabilitatzeak“.

Gabrielek instituzioetako lana babestu du, baina beti "alerta" egoeran: "Kontzienteki jokatu behar dugu: Espainiako Estatuko instituzioak Trantsizio garaian eraiki ziren zeregin zehatz batzuetarako, ez ditugu guk eraiki eta instituzioak ez dira edukiontzi neutroa".

Munizipalismoaren garrantzia

Katalunian triangelu itxurako harremana garatzen ari direla azaldu du CUPeko diputatuak. Triangelu hori osatzen dute munizipalismo eraldatzaileak, parlamentu instituzionalak eta mugimendu sozialek.

Triangelu horren erdian jarri behar da munizipalismoa: “Errealitate eraldatzailea da. Konfiantzazko eta leialtasun osoko harremanak sortzen ditu. Horrek ezabatu dezake instituzioen eta kalearen arteko dikotomia hori”.

Adibide zehatzekin azaldu ditu harreman horiek, Can Vies okupatutako etxearekin gertatutako liskarrekin, kasu: “Erasoari aurre egiteko kalea antolatu zen. Momentu horretan, CUPen zeregina izan zen soilik kalean gertatutako istiluak ez kondenatzea, baina garrantzitsua da hori”.

Desobedientzia instituzionalaren papera Kataluniako prozesuan

Kataluniako Parlamentuak –CUP eta Junts Pel Síren botoekin– deskonexio adierazpena onartu zuen azaroaren 9an. Adierazpen horren arabera, irailaren 27ko hauteskundeen emaitzek legitimitatea ematen diote Kataluniako Parlamentuari Espainiako Gobernuarekiko deskonexio prozesua hasteko, Kataluniako legalitatea obeditzeko eta Espainiako Konstituzioko hamar lege desobeditzeko, Kataluniarren eskubide sozialak bermatzen ez zituelako.

Anna Gabriel: "Instituzioak ez dira edukiontzi neutroa"

Gobernua osatuta, ordea, deklarazio hori ez da aurrerapauso handirik egiten ari eta Espainiako Gobernua adierazpenarekin bat eginez mozioak onartu dituzten hautetsiak jazartzen hasi da. Horregatik, beldurraren aurkako Desobedientzia independentziarantz kanpaina jarri du abian CUPek: “Eguna iristen denean desobeditzeko prest inor ez egoteak kezkatzen gaitu”.

Kanpaina horren helburua da desobedientziaren gaia mahai gainean jartzea eta hautetsi horiek uko egitea jaso dituzten errekerimenduei: “Espainiako Auzitegiei aurre egiteko aukera egokia dela uste dugu eta ez dugu uste disidentzia hori itotzeko gaitasunik duenik; izan ere, ezkerreko eta ezker muturreko hautetsiak ez ezik, independentismo osoa inhabilitatuko lukete”.

Etorkizuna eta desobedientzia

Etorkizunera begira, herritarrak batu behar dira desobedientziaren bidera, Franco eta Gabrielen iritziz. "Herri mailako legitimazioa eta indar metaketa lortu behar dira desobedientzia instituzionalari bide emateko", azaldu du diputatu ohiak.

Instituzioetan urratsak eman behar direla dio Francok, ildo hori sendotzeko eta jendartean bide horren zilegitasuna zabaltzeko.

Ildo beretik, Gabrielek azpimarratu du desobedientziaren bidetik egin beharko dutela Espainiarekiko deskonexio prozesua Katalunian. Horretarako, jendea gerturatu behar da prozesu eratzailera, eta Espainiari aurre egiteko forma desobedienteak sortu eta aukera moduan sozializatu behar dira jendartean, CUPeko diputatuaren esanetan.


Desobedientzia zibila kanaletik interesatuko zaizu...
Desobedientziarik gabe ez dago independentziarik

Espainiako Estatuaren izaera totalitarioa eta eraso errepresiboaren neurrigabetasuna argi geratu dira Catalunyan. Azken hilabeteotan muga politiko, juridiko eta polizial guztiak gainditu dituen eraso errepresiboak Catalunyako eta bertako herritarren eskubide zibil eta politiko guztiak bortxatu ditu. Benetako “Salbuespen Egoera” da bertan bizi dutena. “Sitio Egoera” izango al da Urriaren 1ekoa eta ondorengoa?


2017-09-12 | Xalba Ramirez
100 atxilotutik gora Londresko armen nazioarteko ferian

Bi urtean behin egiten den Nazioarteko Defentsa eta Segurtasun Hornikuntzen feriaren (DSEI) kontrako protesta astean 100 lagunetik gora atxilotu ditu Londresko poliziak. Armak bertara iristeko errepideak blokeatu nahi izan dituzten ekintzaile baketsuak izan dira atxilotuak.


2017-08-29 | Xalba Ramirez
Argazki bilduma: Ende Gelńnde mugimenduak trenbide bat blokeatu du

Rhineland-eko (Alemania) ikatz meategira doan trenbidea blokeatu dute Ende Gelände mugimenduko 3.500 bat lagunek. Trenak bereziki kutsakorra den ikatz arrea garraiatzen du. Europako meatzerik kutsakorrenetakoa dela salatu dute ekintzaileek.


2017-08-10 | Xalba Ramirez
Tunisiako arrantzale talde batek C-Star itsasontzi faxista blokeatzea lortu du

Errefuxiatuak laguntzeko GKEek itsasoan dituzten barkuak oztopatzea da C-Star itsasontzi faxistaren helburua beraiek adierazi izan dutenez. Protesta eta oztopoak jartzen ari dira hainbat ekintzaile Mediterraneo osoan zehar. Tunisiako arrantzale talde batek portura sartzea galarazi die abuztuaren 7an nazioarteko hedabideen arreta bereganatuz.


2017-07-17 | ARGIA
Hamaika bidaiari deportazio bat gelditzen saiatu dira Vuelingen hegaldi batean

Hegazkinaren barnean eskuburdinak jarrita zegoen pertsona batez interesa agertu zuten hainbat pertsona identifikatu zituen Guardia Zibilak. Hamaika bidaiari Bartzelonako El Prat aireportuan lurrean geratu behar izan ziren, protesta egitearen ondorioz, bidaiatu ezinik, La Directak jaso duenez.


Ehunka lagunen ekimen desobedienteak meatze bat geldiarazi du Txekiar Errepublikan

Lignitoa ateratzeko meatze bat okupatu dute ehunka lagunek. Alemaniako Ende Gëlande ekintza jendetsuetan bezala, Txekiar Errepublikako ekimen honetan ere euren gorputzak erabili dituzte giza katea osatu eta meatzeko jarduna oztopatzeko. Ekintza baketsua izan da.


2017-07-07 | Xalba Ramirez
Donostiako Aske Guneko gazteek zigorra osorik bete beharko dute

Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.


2017-07-03 | Xalba Ramirez
Mozal Legearen aurka Gasteizen eta Donostian

Mozal Legearen bigarren urteurrenean honen kontra kalera atera dira ELEAK-Librek deituta, beste herri mugimenduekin batera. Gasteizen manifestazioa egin dute eta Donostian giza katea bulebarrean.


2017-07-02 | Axier Lopez
"Arriskua beti dago, baina ezin gara ezkutatu gerta litekeenaren beldur"

Usurbilgo geltokian Mozal Legearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zela tren batek oso zauri larriak eragin zizkion Martin Goitiandia Roquero 20 urteko donostiarrari. Gertatutakoak bazterrak astindu zituen Donostialdean, eta handik gutxira Euskal Herriko txoko askotara heldu ziren elkartasun keinu eta protestak. Koman bi astez izan da eta hiru ospitalean. Orain, etxean, ari zaio orduan gertatutakoari tamaina hartzen.


2017-07-02 | Xalba Ramirez
"Eragozpen fiskaletik lortutako dirua alternatiba eraldatzaileak bultzatzeko bideratzen dugu"

Eragozpen fiskaleko kanpaina abiatu dute aurten ere hainbat elkartek EAEn.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude