argia.eus
INPRIMATU
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena
ARGIA @argia 2024ko apirilaren 23a

Instagram da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala (%79,2), eta batez ere emakumeek (% 84,9). Hazkunderik handiena izan duten bi sare sozialak TikTok eta BeReal izan dira. 15 eta 19 urte arteko emakume gehienek egunero erabiltzen dituzte. Behera egin dutenak dira Youtube, X (lehen Twitter), Snapchat eta Twicht. Batez ere, Facebook-en erabilerak egin du behera.

Txostenak dio, aurreko urtetako inkestetan gertatu moduan, oraingoan ere, “oso gazte gutxik” aitortu dutela ligatzeko erabiltzen dituztela sare sozialak (Tinder, Meetic, Grinder, etab.). Egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituztenen ehunekoa igo egin da (%72ak, 2023an). Gazteen %61,7ak youtuber, influencer edo gamerren bati jarraitzen dio.

Egunero gehien erabiltzen diren hamar sare sozialen hurrenkera, sexu eta adin-talde konbinatu bakoitzeko erabiltzaile kopuruaren arabera. Iturria: 'Gazteak eta sare sozialak' txostena.

Eduki sortzaile

Hamar gaztetik batek edukiak sortzen ditu Interneten (%9,5). Batez ere, argazkiak izaten dira edo bideojokoekin lotuta daude.

Gizonek, batez ere, argazkiak ets bideojokoekin lotutako edukiak sortzen dituzte. Emakumeek, berriz, bizimoduarekin lotutakoak. Edukiak sortzen talde aktiboena 15 eta 19 urte bitarteko gizonena da.

%40ak euskara erabiltzen du

Gazteen %97,9ak gaztelania erabiltzen du sare sozialetan. Gehienek ingelesa ere erabiltzen dute (%62,4). Hamar gaztetik lauk euskara erabiltzen du (%40,7). Gazteen %13,1ek beste hizkuntzaren bat erabiltzen du, batez ere atzerrian jaiotakoek. 2022tik 2023ra handitu egin da hizkuntza guztien erabilera, baina batez ere ingelesarena. Euskara gehien erabiltzen duten gazteak gipuzkoarrak dira (%52,9), ondoren datoz bizkaitarrak (%34,9), eta azkenik, arabarrak (%32).

Gazteek sareetan erabiltzen dituzten hizkuntza guztiak aipatu dituzte. Iturria: 'Gazteak eta sare sozialak' txostena.

Jazarpena

Gazteen %29,3ak noizbait jazarria izan dela sentitu du. Sare sozialetan pertsona baten edo batzuen mezuak, iruzkin desatseginak, irainak eta mehatxuak jaso dituztela diote. Emakumeen %36,3ak esan du hori, eta gizonen %22,6ak. Gazteen %15,3ak dio, noizbait, sare sozialetan bizi izandakoa jazarpen sexuala izan dela.