argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren krimenak ikertzeko eskaerak atzera botatzen ari dira epaitegietan
  • Frankismoaren krimenen kontrako Euskal Plataformak azaldu duenez, instrukzio epaitegiak behin eta berriz ari dira atzera botatzen diktadura garaiako gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko eskariak. Bere esanetan, Espainiako Memoria Demokratikoaren legeak ez ditu legezko oztopoak gainditzen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko ekainaren 14a

Maiatzean eta ekainean hamaika salaketa eta kereila jarri dituzte Espainiako Estatuan biktimen elkarteek eta udalek, diktadurako krimenak ikertu eta argitu daitezen. Baina Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformaren esanetan auzitegi eta instrukzio epaitegi ia guztietan atzera bota dituzte.

Hori gertatu da, esaterako, Nafarroako Lurralde Auzitegian, edo Iruñeko, Gernikako eta Valentziako instrukzio epaitegietan. Plataformak azaldu duenez, Auzitegi Gorenak 2012an eta 2021ean emandako argudioak "hitzez hitz" errepikatzen ari dira: delituak preskribituta daudela eta 1977ko Amnistiaren Legeak eragozten duela halakorik ikertu eta epaitzea.

"Hori guztia nahiz eta Memoria Demokratikoaren Lege berria duela zortzi hilabete baino ez den indarrean jarri", diote. Lege horrekin frankismoaren biktimei babes judiziala emango zitzaiela "modu ponpoxoan" iragarri zela gogorarazi du Frankismoaren Biktimen Euskal Plataformak.

Hori horrela, ezinbesteko jotzen du Amnistiaren Legea indargabetzea eta Espainiako Estatuko Zigor Kodea aldatzea, Nazioarteko Zuzenbideko giza eskubideen printzipioak sartzeko.

Espainiako hauteskundeak eta talde politikoei interpelazioa

CEAQUA Argentinako kereilaren koordinadoraren ekimenez, joan den urtean Zigor Kodea aldatzeko lege-proposamena aurkeztu zuten hainbat alderdik Espainiako Kongresuan, baina PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos aurka azaldu ziren. "Horregatik, hurrengo hauteskundeetan [Espainiako] Legebiltzarrean ordezkaritza lortzen duten talde politiko guztiak interpelatu nahi ditugu, behingoz jarrera irmoa har dezaten".

Plataformak botere judiziala ere interpelatu du, egokitu dadin nazioarteko giza eskubideen zuzenbidera, eta Estatuko Fiskaltzari eskatu dio fiskalei "instrukzioa" emateko, frankismoaren krimenak jurisdizkio-ordena penalari jarraituz ikertu ditzaten.

Nolanahi ere, "Espainiako zigorgabetasun eredua salatzen jarraituko dugu maila guztietan", ohartarazi du beste behin.