Inperioen gerra Ukrainan hasten da

  • Rafael Poch kazetariarekin elkarrizketa izan dute Rebelion.org webgunean, Ukrainako egoera ardatz hartuta. La Vanguardia egunkariko nazioarteko adituak egoera ulertzeko hainbat gako eman ditu.


2014ko maiatzaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ukrainako krisia inperioen arteko gerraren testuinguruan kokatu du Pochek (irudia: Latuff).

Errusiak Krimea bereganatu izanaz eta Ukraina ekialdean azken asteetan izaten ari diren tentsioez galdetuta, Pochek erantzun du Errusiako presidenteak ia dena zeukala jokoan krisi honetan: “Zer gertatuko zen Putinek ez balu ezer egin? Ukraina erdia, horien artean hamar milioi errusiar eta beste hainbat milioi ukrainar, zeintzuek ez duten Errusia etsai, hau da, herrialdearen gehiengoa, bereak ez diren aukera askoren menpeko erregimen batean sartuta geratuko zirela, NATOn sartzetik hasita (ukrainarren gehiengoak baztertutako aukera azken hogei urteetako inkesta guztietan), shock terapia neoliberaleraino eta errezeta ekonomiko europarretaraino, Mendebaldeko enpresa handien neurrira eginak. Urte batzuen buruan Krimeako errusiar flotaren baseak AEBek okupatuko zituzten, horri buruz zalantza gutxi dago. Testuinguru horretan, nola geratuko zen Putin? Errusiako historiari buruz zerbait dakien edonorentzat emaitza begi bistakoa da: Putin izango zen Errusiaren atzerapenaren hirugarren faktorea. Diferentzia da Gorbatxovekin galdu zen zonaldea, nolabait, ‘inperio kanpoaldea’ izan zela eta hori ez dago gaizki inperioak inperialista usteltzen duelako; eta Yeltsinekin ‘barruko inperioaren’ zati handi bat galdu zen, eta horrek ere ez zuen zertan hain negatiboa izan administrazio on batekin; baina oraingo atzera egitea Errusiaren antzinako lurretan gertatuko zen: Errusia osoak eta Ukraina erdiak katastrofe nazional gisa biziko zuen. Beraz Ukrainan Putinek bere biziraupena du jokoan”.

Gerra usaina eta hura saihesteko moduak

“Gerra Hotzari dagokionez, errealitatea zera da, sinpleki: ez zen inoiz bukatu” adierazi du Pochek. “Tentsio bipolarraren garaian ‘komunismoa’ bilgarri ideologiko-justifikagarria baino ez zen, Mendebaldeko bloketik hau da, AEBak, Europako potentziak eta Japoniak osatutako hirukotetik, jarrera autonomoa, independentea edo lerrokatu gabea hartzen zuten herrialde guztien kontra borrokatzeko. Horregatik, presio hori ez da eten komunismoa erori ondoren. Gaur egun gerra handi baten eszenatokiak ikus daitezke hainbat ‘inperio’-ren eta indarra hartzen ari diren botereen arteko tentsioetan; AEBak, Europar Batasuna eta Japonia, alde batetik, eta Txina, Errusia eta beste Bric batzuk bestetik, hainbat konbinaziotan. Motiboa betikoa da, gutxitzen ari diren baliabide eskasak lortzeko borroka, garapen desorekatua, hegemonismoa eta inperialismoa, hau da, nazio batzuen edo nazio talde batzuen nagusitasuna beste batzuen gainean. Ez dut esan nahi gerra saihestezina denik. Baina historikoki, orain bizi ditugunen antzeko krisi eta lehia askoren amaiera izan da. Mendebaldeko Kaosaren batutak gidatutako ‘Inperio borrokalarien’ orkestra hau da humanitatea doan esturaren arduradun nagusia”.

Baina bestelako aukerak posible direla uste du kazetariak: “Askoz hobea litzateke ateak irekitzea kontsentsu multipolarrean oinarritutako nazioarteko ordena bati –erreformatutako NBE batek arbitratua eta hobeto ordezkatuko lukeena munduko indarren arteko harremana–, mende honen erronkak konpontzera bideratuagoa (beroketa globala, baliabideak, gainpopulazioa, berdintasun eza…), baina zoritxarrez gizateria bere historiaurrean tematzen da eta elkarren etsai diren bloke berrien osaketa da zabaltzen ari den aukera”.

Informazio gehiago:

Elkarrizketa osorik gaztelaniaz Rebelion.org webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukraina
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude