argia.eus
INPRIMATU
“Inor ez da ilegala” aldarrikatuz hasi da Oñatin etorkinei elkartasuna adierazteko astea
  • Abenduaren 18ko Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira aste osorako egitaraua osatu dute Oñatin. Auzoko, Cear, Elkarzabal, gaztelekua, gaztetxea, Hotz Oñati eta Txipistin eragileek antolatu dituzte ekitaldiak.

Iñigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 19a
Oñatiko plazan egindako elkarretaratzea. Argazkia: @antixenaonati

100 lagun inguru bildu dira Oñatiko plazan egindako elkarretaratzean, etorkinei elkartasuna adierazi eta “Inor ez da ilegala” leloa aldarrikatuz. CEAR Euskadiko kideak, Oñatiko hainbat eragiletako kideak eta herrian bizi diren hainbat etorkin bertaratu dira.

Urriaren 14an Sahara hegoaldetik 37 etorkin iritsi ziren Oñatira. Orduan, 200 herritar inguruk ongi etorri beroa egin zieten errefuxiatuei.

Ume etorkinek marrazki eta mezuen bidez mural bat osatu zuten, Oñatira iristeak beraientzat suposatzen duena modu original batean adierazteko. Ondoren, bertaraturiko jende gehiagok parte hartzeko aukera izan zuen. Guztien ekarpenez beteriko murala plazako txoko batean jarriko dute.

Herritarren bozeramaile batek Oñatin “ongi etorriak” direla eta noizbait “guztiok” etorkin izan direla nabarmendu zuen. Errefuxiatuek hitza hartzean, itsasoa zeharkatzen bidean geratu diren lagun guztiak oroitu zituzten.

Asteburuan ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte: herrialde desberdinetako janariz egindako bazkari eta merienda, Oñatira migratu zuen herritar baten solasaldia, jatorri anitzetako pertsonen hitzaldiak eta Marokoko bizkotxoa egiteko tailerra besteak beste.

Elkarretaratzeko argazki gehiago (Antixena Gaztetxearen irudiak):

Egitarauaren kartela: