Norbaiti esan diot film hau “publiko guztiendako” dela eta segituan eman dit alto. Erraz ikustekoa da, egia da, baina akaso jende edota belaunaldi jakin bati enbarazu apur bat egingo dio pantailan ikusirikoak. Ajam, bai: zakil-festa galanta erakutsi dute. Eta protagonista Jose Ramon Soroiz, bere 74 urterekin, bainujantzi labur-laburrean, cruising-a egiten Maspalomaseko dunetan. Ez dakit inork inoiz horrela imajinatuko zukeen... Baina harrigarriki ongi dago Soroiz. Eta harrigarriki ez harritu.
Balizko belarrondoko hori, baina, hasiera-hasieran jasoko du ikusleak. Gero iluntzen, edo berdetzen joango da filma. Izan ere, 76 urteko Vicentek osasun arazo larri bat izango du, eta handik hona ekarriko dute, Donostiara. Baina ez etxera; zahar-etxera. Urteak dira alabarekin (Nagore Aranburu) ez duela hitz egiten, baina berak egin beharko du aitaren kargu, jakina, pattal dagoen senidearen ardura norbaitek hartu beharko du-eta [zenbat filmen argumentuak du hori oinarrian?]. Vicente erresidentzia batera eramango du alabak, ez dauka-eta alternatibarik [segida hori ere bai]. Orduan, atzera berriz armairuan sartuko da Vicente, bere bizitzako lehen 50 urteetan bezalaxe. Pertsona bakarrik daki, momentuz, homosexuala dela: bere alabak.
Ez dago spoiler gehiegi egiterik film honen inguruan, baina artikulu honetan muga hor ipiniko dugu, nahikoa aurreratu genuen-eta Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariei eginiko elkarrizketan. Gogoeta ugari utzi zizkiguten, hala nola sexualitateaz eta zahartzaroaz, bi horien inguruan gizarteak duen iritziaz, eta, jakina, zahar-etxeez bere horretan.
Azpimarratzeko moduko detaileak baditu filmak. Esaterako, bi munduen arteko kontrastea. Maspalomasen dena da argia, horixka, festa girokoa eta musika eta zarata askokoa. Eta zahar etxea, aldiz, bada leku ilunago, isilago eta oro har geldoago bat. Baina azken hori ere badoa aldatzen, Vicente horretara ohitzen edo bere begiak horretara gehiago egiten ari diren heinean. Kontrastea ez da, gainera, bi partetan bereizten: parte ilunean ere egon daiteke argitasunik. Aberasgarriak denak, kontrastea bera gehiago egiten baitute kontraste.
Gidoia ere bada Moriartitarren puntu indartsuenetako bat, ikusi besterik ez baitago nola garatu izan ohi dituzten tramak beraien filmografian. Dena dela, kasuon argiegia egin zait zenbait unetan. Ez dago sorpresarik, ez du beti egon behar ere; baina, aukeran, linealegia izan zait. Nabariegiak hainbat gauza. Hala eta guztiz ere, eszenaren batzuetako irtenaldiak ere badira azpimarratzekoak, umore ukituak eta beste.
Jauzi egingo dut igerilekura: aukerarik ikusten diot film honi sariren bat eskuratzeko, eta, sasi-neutraltasunari bezainbat kasu eginda nahi pertsonalei, Jose Ramon Soroizen izena ipiniko dut mahai gainean gizonezko aktore onenaren sarirako. Inoiz ez da berandu horretarako. [Ni hau esaten aritzeko bai, goiz nabil, eta bero ere bai, egia da; lehian dauden hamazazpi lanetatik seigarrena da ikusten dudana.]