Inoiz ez bezalako aukera

  • UPNk iragan igandean egin zuen kongresuaren ondoren Kike Diez de Ultzurrunek Nafarroako egoera politikoari buruzko analisia eskaini digu. Bere uste UPN eta PSN hondoratu egingo lirateke hauteskundeak orain eginez gero: sekula eztako aukera zabaldu da Bildu, Geroa Bai eta Ezkerrarentzat.


2013ko martxoaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Yolanda Barcina eta Alberto Catalan UPNren kongresuan.

“Yolanda Barcinak gaur galtzen badu, bozak izanen dira, eta baliteke gaiztoak gobernura iristea; hori gertatuko balitz, ni Jakara joanen nintzateke bizitzera, Nafarroan zergarik ez ordaintzeko”. Horra hor Ollarrak UPNren Biltzar egunean Diario de Navarran (non bertzela?) idatzitakoa. Hori aski izan zen, zalantzan zeuden biltzarkideen botoa Barcinaren alde makurrarazteko.

Barcinak, azken finean, antzekoa errana zuen aurreko egunetan; hau da, bera galtzaile ateraz gero, gobernua arriskuan egonen zela. Gobernuari esker bizi diren UPNko kideek ez zuten zalantzarik izan, eta direnak eta ez diren guztiak joan ziren bozka Barcinaren alde ematera. Baten bat ospitalean zegoen, eta taxi bat bidali zuten haren bila, eta biltzarrean agertu zen, sudurreko zunda eta guzti, Barcinaren alde bozkatzeko.

Barcinak, azkenean, % 51 eskuratu zuen, eta duela lau urte, aldiz, % 89. Emaitzen ondotik, batzuek eta besteek batasunaren aldeko mezuak eman zituzten. Oholtzatik, Barcinak dei egin zion Alberto Catalani agertokira igotzeko; corellarrak, ordea, ezezko borobila eman zion. UPN bitan hautsita, kontua da Gobernuari eutsiko dion ala ez. PSNek, jakina, Catalanek irabaztea nahi zuen, harekin akordioa egiteko eta, gobernuan, Barcinaren ordez Catalan bera jartzeko.

Sozialistek kazetarien aurrean erran dute ez dutela konfiantzarik Barcinarengan, eta dimisioa eman beharko lukeela, baina ez dute zentsura-moziorik babestuko, ezta oposizioko gainerako alderdiek Ezkerra taldeko parlamentariren bat presidentegai aurkeztuta ere. Azken aukera hori hizpide izan da oposizioko alderdien arteko bileretan, zertarako eta, behin gobernura iritsitakoan, hauteskundeak deitzeko.

Baina PSNri ez zaizkio bozak komeni; ezta UPNri ere, jakina. Roberto Jimenezek doi-doi % 60 lortu zuen duela urtebeteko nafar sozialisten kongresuan, eta hori Nafarroako Kutxako dieten eskandalua plazaratu aurretik. Bozak orain eginen balira, PSNk inoizko emaitzarik kaskarrenak eskuratuko lituzke, eta UPNk edo eskuindarrek ere bai.

Bertzela erranik, Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak gehiengo osoa lor dezakete Nafarroan, eta horrelako aukerarik ez da sekulan santan izan; horrenbertzez, ez bada dieten soka luzetik edota CANen afera ilun eta itsusitik bertzelakorik ateratzen, PSNk txintxo-txintxo joko du egungo erregimena habetzera, beti egin duen moduan, bai eta hauteskundeak ahalik eta gehien atzeratzera ere.

Rubalcabak, adibidez, oso argi utzi zuen hori lehengoan Iruñean, Barcinarekin besarkatzera etorri zenean; Barcinaren gobernutik Iruñean lizentzia lortu duen SER irratiaren bedeinkazio guztiekin, gainera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Asiron: “Iruñeko eredua esportagarria dela erakutsi behar dugu”

Larunbatean 100 egun bete ziren Joseba Asiron aginte makilaz jabetu zenetik, abenduaren 28an, Iruñeko Udalaren historiako lehendabiziko zentsura mozioaren bitartez. Lasai hartu du Euskalerria Irratia udaletxeko Harrera Aretoan, egindako lanaz harro. “Hiru hilean... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude