Nafarroako 41. Bertsolari Txapelketa hasiko da larunbatean Lizarran. 31 bertsolari izango dira protagonista Nafarroako bederatzi udalerrietan. Otsailaren 2tik martxoaren 9ra bitarte jokatuko dira lehen fasea eta final aurrekoak eta finala martxoaren 23an izango da, Iruñeako Anaitasuna kiroldegian.
Txapelketaz gain, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sailkapena dago jokoan. Nafarroako lehen lau sailkatuek zuzeneko txartela izango dute bertan jokatzeko.
Txapelketa bi urtetik behin egitea erabaki zen 2011ean. Iaz, Bardoak taldekako bertso ekimena antolatu zuten eta parte hartzea anitza izan zen. Oraingo honetan saio bat gehitu behar izan dute bertsolari kopurua handitu delako. Haietako seirentzat lehen aldia izango da.
Bertsolarien zerrenda eta egutegia osorik txapelketako blogean ikus daiteke eta saio guztietarako sarrerak Bertsosarrerak webgunean daude eskuragarri.
Sare soziala
Antolatzaileek diotenez, bertsolaritza inguratzen duten guztiak giza harremanean eta auzolanean oinarritzen dira ekimenak aurrera ateratzeko. Aurtengo leloarekin (Sare soziala) harreman talde horri eman nahi izan diote indarra.