Inoiz baino grebago

  • Esango nuke izenburuko esaldiak ondo laburbildu dezakeela martxoaren 29 honetan Bilboko mobilizazioetan parte hartu dutenen sentsazioa. Arrazoiak badira, izan, beste batzuetan epelago jokatzen duten askok greba orokorrarekin bat egin izana esplikatzeko (krisialdi ekonomiko hau hasi zenetik laugarrena da, manifestazio nagusiaren osteko ekitaldian STEE-EILASeko Belen Arrondok gogorarazi duenez).


2012ko martxoaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

“1984an egin zen lehenengo lan erreforma, eta oraingo hau da basatiena”, adierazi LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek, Arrondoren ostean hitza hartuta. Eta bai, iruditzen zait badagoela kalean beldur halako bat, “hau bai, hau larria da” hasi direla pentsatzen asko eta asko.

Krisialdiaren lau greba horietan Bilbon izan naiz, bertatik bertara zer gertatzen ari zen ikusteko, eta gaurkoa izan da, hiriburuan behinik behin, jende gehien mugiarazi duena. Lasaiena ere bai, segurtasun indarren jarrerari dagokionez (badakit ez dela Euskal Herri osoan hala izan, tamalez). Nire aurreikuspenek huts egin dute arlo horretan, eta pozten naiz. Bitxia iruditzen zait, nolanahi, El Corte Inglés izeneko merkataritza-gune kate erraldoiari ematen zaion babes berezia. Goizean goiz Ertzaintzak oztopatu egin du bertan zeuden piketeen lana, atera hurreratzea eragotziz; hala kontatu dit, aurrean pankarta eta atzean hamar bat ertzain zeuzkala, bertako langile (gaur grebalari) batek, LABeko kidea berau. Barka digresioa, baina esan behar nuen.

Manifestazio nagusia hasi denean, “Murrizketa, erreforma eta inposaketei aurre egin!” zioen pankarta buru, hitz bat etorri zait gogora: kolosala. Ez naiz ausartzen kopuruak ematera, ez dira horiek kazetari bakar batek egin ditzakeen kalkuluak. Badakit “milaka” esatea ez dela irakurleak eskatzen duen informazio zehatza, baina nire aldetik bego horretan, bestela ere ez da zifra gerrarik faltako. Gaurkoan bildutako jendetzaren tamaina are nabariagoa izan da manifestazioa Bihotz Sakratu plazan amaitu eta denak jesarri direnean. Bilgune Feministako kide baten hitzak entzun ditugu orduan, krisiak, eta erreformek, emakumeei gehiago erasaten dietela gogorarazi digutenak. “Pobreziaren feminizazioa errealitate bat da”

Ondoko berbaldiek antzeko doinua izan dute. Hamaika arrazoi eman digute greba deitzeko, esan du Ainhoa Etxaidek; “berdin dio non duzun lanpostua, multinazional batean, zerbitzu publiko batean edo negozio txiki batean; lan erreformak zuri ere eragingo dizu, nola edo hala”. Ez dira gelditu, ez Etxaide ez Adolfo Muñoz ez gainerakoak, erreformak langileei inposatuko dizkien baldintzen salaketa hutsean. Ongizate estatua deritzon hori kolokan jartzen duten murrizketak ere izan dituzte aipagai, eta gaur egun ez bezala kalitatezko zerbitzu publikoak eta baztertuenentzako babes-neurriak berma daitezela eskatu dute. Botinokrazia, horrela izendatu du Etxaidek kapitala eraikitzen ari den status quo berria.

Grebak hiru helburu dituela esan du Adolfo Muñozek: erreformak dakarren babes gabeziari aurren egin; enplegua defendatu; eta zerga-politika aldarazi. Hirugarren horri buruz, “nahiago dute murrizketak ezarri, kapital zein errenta altuen pribilejio fiskalak indargabetu baino”, adierazi du. Edo, beste hitz batzuekin, “estatu-kolpe antisoziala egiten ari dira”.

“Gure herriko agintari batzuek (Lopez, Barcina eta beste batzuek) Rajoyri deiadarka eskatzen ari dira oinarri-legeen bidez ezar ditzala erabakiak, “behartu” ditzala, politika horiek aplikatu beste erremediorik ez dutela saltzeko”, jarraitu du ELAko idazkari nagusiak, eta politikariei eskatu die burujabeak izan daitezela. Ez dezatela artazia sartu benetan agintzen dutenek artazia sartu behar dela erabakitzen duten arloetan.

Laburbilduta: aspaldiko langile mobilizaziorik arrakastatsuena, inoizko erasorik beldurgarrienari –Muñozen hitzak erabiltzearren- aurre egiteko. Arestian aditzera eman dut klase sozial kontzientzia zertxobait indartuta aterako dela M-29 honetatik, baina jakin-min handia daukat iluntzean Bizkaian gertatuko denaz. Athleticek jokatuko du gaur 21:00etan; ordu horretan piketeak ibiliko dira tabernarik taberna? Zer gertatuko zatekeen norgehiagoka San Mamesen izan balitz? Gaur ere futbolaz berba egiten amaitu behar…


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude