argia.eus
INPRIMATU
"Inklusioa eperik gabe" lemapean, 116.000 euro biltzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak
  • Gaur egun, desgaitasunen bat duten 159 ume dira Ipar Euskal Herriko ikastoletan, eta hori Integrazio Batzordea elkarteak bermatu laguntzari esker.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko martxoaren 07a
Aurtengo kanpainaren kartela

Seaska federazioko ikastoletan desgaitasun-egoeran diren haurren inklusioa bermatzen ari da Integrazio Batzordea elkartea 1999az geroztik. "Gero eta handiagoak diren beharrei erantzuteko", herritarren laguntza ezinbestekoa ukanik, diru bilketa kanpaina abiatu du elkarteak. Orotara, 116.000 euro biltzeko erronka dauka aurtengorako. Kanpaina martxoaren 23an abiatuko dute Partaide Egunarekin batera –hainbat herrietan egonen dira, elkartea ezagutarazten eta dirua biltzen– eta urtero errepikaturiko hitzorduak ere finkaturik dituzte: martxoaren 17an jantzi hustea Lakarran eta Itsas Laminen Korrika Angelun, eta apirilaren 7an Neska Korrika Azkainen. Diru ekarpena on-line egiteko aukera ere bada. Guztiaren berri eman dute martxoaren 6an egindako prentsaurrekoan.

Frantziako Hezkunde nazionalaren aurtengo aurrekontua agorturik bada ere, eskaera egin duen ume bakoitzarentzako AESH laguntzaile berezituaren presentzia bermatzeko engaiamendua hartu du Integrazio Batzordeak. Seaska federazioan 158 haur dira inklusio programaren baitan. Zerbitzu hori bideratu ahal izateko dituzte ezinbestekoak 116.000 euroak.

AESH laguntzaile berezituen lan baldintza txarrak salatzeko baliatu dute prentsaurrekoa: sei urteko lan kontratu mugatua izenpetzen dute eta kontratu mugagabearen eskaera zazpigarren urtetik goiti bakarrik eskatu dezakete. Gainera, ez dira denbora osoz lanean ari eta soldata ere biziki apala dute. "Egiten duten lana beharrezkoa izan arren, deus ez da plantan jarria haien egoera aldatzeko", salatu dutenez.

"Denbora gehiegi" laguntzailerik gabe

MDPH Elbarritasun egoeran diren Pertsonentzako Departamendu mailako Etxeak txostenen tratamendurako harturiko epea luzatu egin dela deitoratzen du Integrazio Batzordeak: "Normalki, epe legala lau hilabetekoa da, baina, gaur egun, hamar edo hamaika hilabetekoa da. (…) Konkretuki, erran nahi du ikasleak kasik urte bat pasa behar dutela laguntzaile berezitu (AESH) edo giza-laguntzarik gabe".

Administrazioaren partetik umeei egiten zaizkien osasun azterketen zama ere kritikatzen du Integrazio Batzordeak. Administrazioari presio sarrarazteko hautatu dute aurtengo leloa: "Inklusioa eperik gabe!".