Iñigo Urkullu izango da EAJko lehendakarigai datozen EAEko hauteskundeetan. Alderdiko lurralde bakoitzeko ordezkariek (Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Xabier Agirre, Manu Ayerdi eta Txaro Goikolea), EBBko idazkari Pilar Garcia de Salazarrek eta Joseba Aurrekoetxeak osatutako komisioak atzo jakinarazi zuen erabakia. Aho batez hautatu du komisio horrek Urkullu eta datozen 45 egunetan EAJko militanteek berretsi beharko dute.
Izendapenak hautsi egin du EAJren urte luzetako tradizio batekin, EBBko presidentea eta lehendakarigaia beti bananduta egon diren karguak baitira; alderdiaren estatutuek bi postuak batera betetzea debekatzen dute, eta beraz, Urkullu Lehendakari izendatuko balute, EAJk presidente berria hautatzeko prozesua jarri beharko luke abian.
Izendapenaren harira, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramaileak ETBko Azpimarra saioan bart gauean adierazi zuen garrantzitsuena ez dela hautagaia, EAJk azken 30 urteetan egin duen politika alde batera uztea baizik. Ezker abertzaleak gainontzeko alderdi subiranistekin osatuko duen koalizioaren hautagaia uda baino lehen jakinaraziko dutela ere argitu zuen Etxeberriak.