argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Gogoan plataformak 22.000 sinadura Aldekoa Ertzainburu izan ez dadin
  • Iñigo Gogoan plataformak 22.000 sinadura aurkeztu ditu astelehenean EAEko Legebiltzarrean. Horien bidez eskatu dute Jorge Aldekoa, Iñigo Cabacas hil zen egunean Bilboko komisaldegiko buruzagia eta gaur egun Ertzaintzako burua, kargutik kentzeko. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Bilbon gertakarien bigarren urteurrena hurbiltzen ari dela-eta.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 01a
Vania Lozano eta David Antonio Gonzalez, Iñigo Gogoan plataformako bozeramaileak Parlamentuan agertu ondoren. (Argazkia: L. Rico)

Vania Lozano eta David Antonio Gonzalez plataformako kideek adierazi dute ez dela aldaketa nahikorik egon Cabacasena bezalako kasu gehiago gerta ez daitezen eta horregatik, polizia ereduaz eztabaida ireki nahi du plataformak.

Plataformako kideen iritziz Cabacasen heriotzaren inguruan “isiltasun ituna” dago eta instrukzio judizialean “aurrerapen gutxi” egin direla nabarmendu dute.

UPyD eta PP alderdiek 2012an gertatutakoa “hilketa” izan zela ukatu dute eta Iñigo Iturrate EAJko bozeramaileak azpimarratu du Ertzaintzako buruak “hilketa bakar batean ere inplikaziorik ez duela”.

EH Bilduk Cabacasen heriotzaren inguruko ikerketa batzordea sortzeko aurkeztutako eskaerari uko egin diote gainerako alderdiek. Ardura politikoak bilatzen hasteko ibilbide judiziala bukatzea beharrezkoa dela adierazi dute.