Cabacasen familiak, instrukzio epaileak kasuan proba gehiago ez ikertzeko erabakiaren aurrean, helegitea aurkeztu du Bizkaiko Lurralde Epaitegian. Atzo Bilbon egindako agertzean argi utzi dute euren esku dagoen guztia egingo dutela Iñigoren kasua erantzunik gabe itxi ez dadin.
Ana Torres epaileak kasuari buruzko ikerketa gehiago egiteari uko egingo diola jakin ostean, familiak helegitea aurkeztu du Bizkaiko Lurralde Epaitegian. Jone Goirizelaia eta Irma Oronoz abokatuek epaiketak iraun dituen lau urteko balorazioa egin dute, eta oraindik ere, haren eskaera ez dela auzitegira iritsi salatu du Goirizelaiak. Hortaz, oraindik ez dakite noiz argituko den kasua. Bestalde, Fina Liceranzu eta Manu Cabacas, Iñigoren gurasoak “irainduta” eta “ahaztutako biktimak” sentitzen direla azaldu dute Manuk irakurritako manifestuan.
Familiak ez du ikerketa Cabacas erail zuen pilotakada nork bota zuen argitzera mugatu nahi, adierazi bezala, hori baino “zabalago aztertu beharko litzateke kasua". Goirizelaiaren ustez egun horretan parte hartu zuten “pertsona ororen erantzukizunak argitzea” beharrezkoa da kasuan aurrera egin ahal izateko.
Ezin jakin noiz arte, kasua instrukzio fasean dago. Esan bezala, familiak helegitea eskatu badu ere, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ez dauka epe mugarik ikerketa gehiago egin behar den edo ez ebazteko. Dena den, familiak argi dauka euren helburua epaiketara heltzea dela. Goirizelaiak hori gertatzerik ez balego aurrera egingo dutela azaldu du, “ez dutela etsiko” kasua argitu arte.
Europar Parlamentura bidaia
Europako Parlamentuak Bruselasera joatera gonbidatu du familia datorren uztailaren 13 eta 14ean, bertan, familiak “bigarren mailako biktimak” sentitzen direla azalduko dute instantzia judizialen berri emateaz gain.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra