Iñigo Cabacas zenaren familiak Ugarteko ertzainari

  • "Ugarteko" izenordedun ertzainak salatu ostean, Jone Goirizelaiaren kontra, Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetarien kontra zein Gara eta Naiz hedabideen kontrako epaiketa hastear dela-eta, gutun bat idatzi dute Iñigo Cabacas zenaren gurasoek. ZuZeuk euskaratuta eskaintzen dizuegu.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko urtarrilaren 24an - 09:28

"Lehenengo eta behin, salatutako gizabanakoei gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu, Iñigoren heriotzaren inguruan egin den enegarren bidegabekeria denaren aurrean. Laster beteko dira sei urte ertzainek jotako pilotakada batek Iñigoren bizitza eten zuenetik. Sei urte borroka amaigabean, bere heriotza nola gertatu zen argitu nahian; sei urte gogor eta zail, oztopoz eta trabaz josiak.

Zorionez, izan dira kikildu ez eta beraien lanari zintzo erantzunez zailtasun horiek guztiak gainditzen saiatu direnak, helburu bakarrarekin: jazotakoa argitu eta gertatutakotik erator litezkeen erantzukizun guztiak banan-banan argitzea.

Bihar epaituko dituzten pertsonak, profesionalak, ez dute gertatutakoaren egia bilatu besterik egin, Iñigo erail zuten egunetik bertatik familiak eta jendarteak eskatu dugun bezala. Horregatik, publikoki eskerrak eman nahi dizkiegu egin duten lanagatik, eta urte hauetan erakutsi duten konpromisoagatik.

Paradoxikoki, Iñigoren heriotzarekin zerikusia izango duen lehen epaiketak ez du zerikusirik 2012ko apirilaren 5 hartan gertatutakoarekin, Iñigoren heriotzarekin edo gertatutakoaren erantzuleekin. Egia ezagutu eta justizia bilatu nahian gure ondoan izan direnak epaituko dituzte, gure bozgorailu izan direnak.

"Honek zuri eragin dizkizun kalteak? Eta zer diozu gure minaz, guri eragindako kalteaz? Ugarteko jauna, zure oraingo jokabideak gureari eransten dion minaren jakitun zara?"

Epaitua izatetik urruti, apirilaren 5 hartako polizi operazioa zuzendu zuenak, aginduak ematen entzun dugunak, salaketa egin du, jasan zituen 'kalteak' direla-eta. Ez gaitezen tronpatu, Ugarteko jaunari ez dizkio kalteak eragin egun hartan gertatutakoak, Ertzaintzaren ekintza batean Iñigo heriotzara eraman izanak; gertatutakoa ezagutu izana eta berak izan zuen parte-hartzea publiko egin izana, horixe da ezin izan duena jasan.

Baina orain egin duena kolpe makurra da, lotsagarria eta mingarria.

Honek zuri eragin dizkizun kalteak? Eta zer diozu gure minaz, guri eragindako kalteaz? Ugarteko jauna, zure oraingo jokabideak gureari eransten dion minaren jakitun zara?

Zure argudioak iraingarriak dira. Baina zure lanbidean eta osasunean izan dituzun kalteez mintzo zarenez, guk sei urte hauetan jasan behar izan ditugunak azalduko dizkizugu.

Gure seme bakarra kendu ziguten bidegabeki, ez dago horrekin konpara daitekeen ezer. Zu ez zara gai horrek eragiten duen min latza irudikatzeko, ezta honek gure osasunean dakartzan kalteak irudikatzeko ere.

Esan izan dugu behin baino gehiagotan, Iñigoren bizitzarekin bukatu zuten egunean, gureak ere erail zituzten. Ordutik gure bizitzak ez dira berdinak, Iñigorekin bizitzeko arrazoiak joan zitzaizkigun-eta, gure bizitzari zentzua ematen ziona.

Harrezkero, tratamendu psikologiko eta psikiatrikoa izan dugu. Eta beste zertxobait ere kontatuko dizugu, bada denbora jada Osakidetzatik tratamendu psikiatrikorako botikak baino ez ditugula jasotzen, ez dugulako behar dugun terapia psikologikoa ordaintzeko beste.

Jakingo ez bazenu ere, orain esango dizugu gobernatzen genuen negozioa utzi beharra izan dugula, gure diru sarrera bakarra, gure egoera psikologiko eta emozionalean ez baikinen jendaurrean lan egiteko gauza. Zuk, kontrara, lanpostuz aldatu bazaituzte ere, Ertzaintzaren barruan zure kategoria eta soldata mantentzen duzu.

Guzti honen eraginez, besteak beste, kolesterol neurri handiak eta loditasuna dituzula diozu. Kontua oso serioa ez balitz barre egingo genieke argudio hauei. Guri, ordea, ez zaigu gertatzen, badirelako sei urte apenas jaten dugula ezer; ez zaigu sartzen.

Segurtasun Sailak, hau da, euskal jendarteak, Iñigoren familiak barne, beren gain hartu du epaitegian izan diren ertzainen abokatuak ordaintzea. Zilegi iruditzen zaizu? Honen aurrean, nola sentitzen garela uste duzu?

Isolatze soziala, aisialdi galera… nola uste duzu gaudela gu? Gure semearen heriotzak, gertatu zen moduak, ez digula bizitza aldatu iruditzen zaizu, ez duela gure aisialdian eraginik izan?

Etikoki onargarria iruditzen zaizu biktima bezala agertu nahi izatea? Guri, ez.

Gure motxila oinazez beterik zegoen jada, minez, bidegabekeriaz, umiliazioz… orain zuk pisua gehitu diozu, bihar epaituko dituztenei gertatzen ari zaienaren erantzule sentiarazi gaituzu, gure abokatua tarteko, zer eta gure alde egin dutelako eta egiaren aldeko lana egin dutelako, justizia eta ordaintzaren alde. Honek erakusten du Ugartekoren interes pertsonala, bere izena 'garbitzea', gertatutakoa argitzearen gainetik dagoela, eta ezer gutxi inporta zaitugula ez Iñigo, ez bere familia, ezta guzti honek eragiten digun oinazeak ere.

Lan honek mindu eta kalteak eragin badizkizu, salaketaz okertu zara, ausarta izan eta gu geu salatu behar gintuzun, Fina eta Manu, Iñigoren aita eta ama, bere alde justizia egin dadin borrokan dabiltzanen arduradun nagusiak garenez. Baina ez zara ausartu, gogo faltagatik izango ez bazen ere, gehiegi izango litzatekeelako iritzi publikoaren aurrean. Eta helburu erraza aukeratu duzu, joera politiko zehatz eta ezaguna duten abokatu eta komunikabide baten kontra egitea, egingo ez zenukeena beste hedabide edo abokatu bat izan balitz.

Beste behin esan nahi dugu, gertatzen dena gertatzen dela ere, egiaren alde borrokan jarraituko dugula, Iñigorentzako justiziaren alde".

Fina Lizeranzu, Manu Cabacas eta Iñigoren familiak

Artikulu hau ZuZeuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


Eguneraketa berriak daude