Pilar Gimenez Cabacas auziko fiskalak eman du azken berria: bere ustetan ez zen deliturik egon Cabacasi heriotza eragin zioten gertakarietan. “Deliturik ezean, ez dago delitugilerik ere”.
Garak jaso duenez, fiskalak hamaika lerrotan laburbildu du duela sei urteko apirilaren 5 gauean gertatutakoa. Ikerketa baten ostean, pilotakada nork jaurti zuen zehaztea “ezinezkoa” dela ondorioztatzen du, ezta agindua nork eman zuen ere. Gauzak horrela, akusatuak absolbitzearen aldeko jarrera duela berretsi du.
Ana Torres instrukzioko epailearen arabera, Ertzaintzako hiru arduradunek “zuhurtziagabekeriazko giza hilketa” egin zutela dio eta tiro egitea agindu zutenek bazekitela “ekintzarako oinarrizko baldintzak ez zirela betetzen”. Momentuz, sei ertzain daude auzipetuta; lehen unean hiru ertzaini leporatu zioten ekintzan eta geroago, beste hiru ertzain akusatu zituen Bizkaiko Auzitegiak.