Kongresuko saioetara gehien falta izan duten diputatuen artean dago UPNko Iñigo Alli: urte eta erdian bederatzi saio osotara ez da joan, eta beste hirutan saioek irauten duten denboraren erdian baino ez da bertan egon. Kongresua osatzen duten 350 diputatutatik gehien huts egin dutenen arteko bosgarren postuan dago UPNko diputatua.
Bi arrazoi argudiatu ditu hutsegiteak justifikatzeko. Bata, formazio akademikoak “denbora asko” eskatzen diola; eta bigarrena familia-ardurak dituela. Lehenagatik dirua itzuliko duela jakinarazi du. Hau da, 27.900euroko balioa duen Masterrak eskatzen dion denbora dela eta huts egin duen saioetako ordainsaria bueltan emango du. Familiarekin igarotako denboraz, ordea, ez du gauza bera pentsatzen eta momentuz diruak bere poltsikoan jarraituko du. “Laugarren alabaren jaiotzaren ondorioz, etxean lagundu behar izan dut”, azaldu du. Kontziliazioan “erabat sinesten” duela gehitu du eta “justifikatutzat” jo ditu hutsegiteak.
Otsailaren 4an jakin zen Kongresuko saioetara gehien huts egiten zuen diputatuetan artean zegoela. Albistea zabaldu ahala, bere “akatsa” onartu du eta parte hartu ez duen saioen erdietan jasotako diru kantitatea itzuliko duela adierazi du.
Allik 7.377 euroko soldata du: 2.842 euro diputatu izateagatik jasotzen ditu. 1.758 euro, berriz, alderdiaren bozeramaile kargua onartzeagatik. Beste 1.842 euro dieten bidez irabazten ditu eta azken 935euroak “beste bide batzuetatik”.
2017ko maiatzean UPNk Uxue Barkos Nafarroako lehendakariaren “berehalako dimisioa” eskatu zuen Iruñeko Udaletik dietak jasotzen zituela frogatzen bazen. Kasu honetan, behin jakinik alderdiko diputatu batek diru publikoa jasotzen duela bere eginbeharrak behar bezala ez egiteagatik, ez du hitzik esan. Ikusteko dago eskuineko alderdiaren jarrera zein izango den datozen egunetan.