argia.eus
INPRIMATU
Ingurumenari eta energia berriztagarriei buruzko egitarau indartsua Hernanin
  • Hernani Burujabe proiektuaren barruan, Sagarreta taldean biodibertsitateari lantzen dute Hernani eta Ereñotzuko herritarrek. Maiatza bukaera eta ekaina hasierarako hainbat hitzaldi, irteera eta ekimen berezi antolatu dituzte.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 29a

Maiatzaren 31n mahai-inguru indartsu honek emango dio hasiera zikloari: Energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa izenburupean arituko dira Aitziber Sarobe Egiguren, Alvaro Campos Celador eta Mikel Otero Gabilondo. Eli Pagola Apezetxeak gidatuko du mahai-ingurua, 19:00etan Biteri Kultur Etxean.

Ekainaren 1ean, Herriz herri basoak sortuz izenburupean esperientzia trukea egingo dute: Eako Ulla basoaz arituko da Basokideak taldeko Jose Mari Landa eta Sagarreta natur taldeak Hernanin bertako basoak berreskuratzeko proiektu bat aurkeztuko du. Ondoren, Noizko basoa filma emango da eta bere egile Mikele Landa Eigurenek aurkeztuko du. 19:00etan hasiko da ekitaldia, Biterin.

Ekainaren 8an Urumea ibaia uholdeetatik babesteko proiektua izango dute mintzagai Eduardo Sancho Ura agentziako ingeniari eta obra zuzendariak, eta Aitor Lekuona Gipuzkoako Foru Aldundiko Ibai inguruneko goi teknikariak. 19:00etan hasiko da Biterin:

Ekainaren 9an Munduarekin fabulatu. Hernani ekofeminismotik eta literaturatik zeharkatuz izenburupean, kale irakurraldia egingo dute Irakurketa taldea eta Hernaniko Kale Literatura taldeekin elkarlanean. 19:00etan Labaderotik abiatuko dira.

Ekainaren 11n ibilaldi berezi batek itxiko du zikloa: Mandoegiko makrozentral eolikoaren proiektuak eragindako lurretara ibilaldia egingo dute, 9:00etan Aranoko aparkalekutik abiatuta. Bidean bioaniztasuna, ondarea eta proiektuari buruzko azalpenak emango dituzte.

Hemen kartel guztiak ikusgai: