argia.eus
INPRIMATU
Ingurumenaren aldeko neurrien arintzea dakarren NPBaren erreforma onartu dute eurodiputatuek
  • Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko apirilaren 25a

Europako hainbat herrietan zabaldu ziren laborarien protesten emaitza da: Nekazaritza Politika Bateratuaren neurriak berrikustearen eta "sinplifikatzearen" alde egin dute eurodiputatuek. Hala ere, guztia ez dute berrikusi eta ingurumenari loturiko atal berdean jarri dute atentzioa.

Biodibertsitatearen alde zihoazen neurri inportante batzuk desagerrarazi dituzte: lur eremuaren %4 lugorri uzteko betebeharra deuseztatu dute, baita kulturen errotazioarena ere. Orain arteko bi neurri horien helburua bikoitza zen: bioaniztasunari lekua bermatzea eta pestiziden erabilpena ttipitzea. "Laborariek espero zituzten neurri zentzudunak" adopatu izanaz poztu da Nekazaritza Erakundeen Europar Batasuneko Batzordeko presidente Christiane Lambert –Frantziako Estatuan agroindustriaren defendatzaile den FNSEA sindikatuko presidente ere izandakoa–.

Eskuinak eta zentroak aho batez bozkatu dute alde, eta zehazkiago 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira. Benoit Biteau eurodiputatu ekologistak argi du: "Klimaren, bioaniztasunaren eta lurraren babesaren alde doan Europar Batasunaren estrategiaren aurka doa bozketa hori". Via Campesina sarearen parte den Confederation Paysanne sindikatuak ere gogorki kritikatu du bozketa. Laborantza herrikoiaren alde dabilen sindikatu honek dio aldaketa horiek ez dutela laborarien krisiari erantzuten. Alderantziz, agroindustriaren sostengatzen segitu beharrean, laborarien diru-sarrerak bermatzeko eta trantsizio agroekologikoa sostengatzeko benetako "neurri estrukturalak" beharrezkoak direla dio Confederation Paysannek. Oror har, Europako ekologisten eta agroekologiaren alde dabiltzan laborarien haserrea piztu du bozketa horrek.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko hainbat betebehar eskatzen ditu NPBko bigarren zutabeak. Betebehar horietan dira ingurumenaren alde doazen hainbat neurri. Urte hastapeneko laborarien protestak geldiarazteko xedez, arlo horretan eragiteko erabakia jakinarazi zuen Europako Batzordeak. Beste aldean, lehen zutabea dago eta honetara dute bideraturik aurrekontuaren zati handiena. Dirulaguntza hori jasotzeko, ordea, irizpidea sinplea da: etxaldearen tamainaren araberakoa da, hektarea gehiago ukan eta dirulaguntza gehiago jasoko du nekazariak. Gaur egun, Europako laborarien %20ak jasotzen du dirulaguntzen %80. Hots, agroindustria da NPBaren jasotzaile nagusia.