Berdeen alderdiko legebiltzarkide Friedrich Ostendorff-ek haragiaren gaineko zerga %7tik %19ra igotzea proposatu du. Eztabaida piztu da, aldeko zein aurkako jarrerekin. Diru bidezko neurriak ezberdintasun sozialetan sakontzen dutela kritikatu du hainbatek.
"Haragiarentzako balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) murrizketa alboratzearen alde nago, [dirua] animalien ongizatearen aldeko neurrietara bideratzeko”, idatzi zuen Berdeen diputatu eta nekazaritza gaietarako bozeramaile Friedrich Ostendorffek. Haragia oinarrizko elikagaitzat onartua dago egun Alemanian, eta ondorioz BEZ murriztua ezartzen zaio. Murrizketa bertan behera uztekotan, zerga %7tik %19ra pasako litzateke.
Ostendorffen artikuluak eztabaida bizia piztu du. Alderdi politikoen artean Berdeetako, Alderdi Sozialdemokratako (SPD) eta Batasun Demokristauko (CDU) zenbait buruk adostasuna agertu dute maila pertsonalean. Beste batzuk aurka azaldu dira. Berdeetako buruzagi Robert Habec-ek proposamena baztertzearen alde egin du. Angela Merkel buru duen CDUren gobernuak adierazi du helburuarekin bat etorrita ere beste bide batzuk eraginkorragoak direla.
Proposamena laster lotu da animalien ongizatea hobetzearekin ez ezik ingurumenaren zaintzarekin. Ekologismoak aspalditik salatu du haragia produzitzea ingurumenaren kalterako dela. Nazio Batuen Erakundeen aditu talde batek berriki adierazi du klima aldaketa gelditzeko haragi kontsumoa murriztea ezinbestekoa dela, beste neurri batzuekin batera. Animalien eskubideen aldeko elkarte gehienek, nola ekologistek, begetariano eta beganoek, begi onez hartu dute aukera.
Dirua muga gisa
Kontsumoa murrizteko prezioak igotzea kritikatu dute hainbat pertsonak eta elkartek. Die Linke alderdi ezkertiarrak adierazi du, esaterako, zergak igotzea “jendarte baztertuei” eragingo liekela nagusiki: diru gehiago dutenek haragi gehiago kontsumitzeko aukera lukete, beraz gehiago kutsatzekoa ere.