Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000 lan aurkitu daitezke, denak euskaraz.
Bilbon eman dio irekiera UEUk Udako Ikastaroen 53. edizioari asteazken honetan, eta uztailaren 11ra arte luzatuko den egitarauak hogeijardunaldi eta topaketa bilduko ditu, "euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan".
Baionan, Eibarren, Iruñean, Tolosan, Usurbilen, Bilbon eta Gasteizen egingo diren ikastaro horien bidez, hausnarketa eragiteaz gain, "komunitatea trinkotzea" ere du helburu euskal unibertsitateak: "Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat, eta baita euskaldunen topagunea ere", azaldu zuen ikastaroen aurkezpenean horien arduradun Irati Iciarrek. Horretarako, presentzialtasunari garrantzi handia eman diote, ikastaro guztiak aurrez aurrekoak baitira.
Hasiera ekitaldia Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egin dute, Inguma datu-baseari buruzko jardunaldiarekin. UEUrentzako eta euskal komunitate zientifikoarentzako tresna "estrategikoa" izan da Inguma, duela 25 urte Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz sortu zenetik.
"Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat, eta baita euskaldunen topagunea ere", azaldu zuen aurkezpenean ikastaroen arduradun Irati Iciarrek. Horretarako, presentzialtasunari garrantzi handia eman diote, ikastaro guztiak aurrez aurrekoak baitira
Inguma, euskarazko ekoizpen zientifikoaren behatoki bat
Ekitaldian, datu-basearen webgune berritua ere aurkeztu dute: unibertsitate mailako hainbat jakintza arloko ekoizpen zientifikoko 48.128 dokumentu aurkitu daitezke bertan jadanik.
"Nahi izan duguna da webgunea Ingumak eskaintzen dituen datuen behatoki moduko bat ere izatea, estatistika bidez argazki bat erakustea, eta 25. urteurrena lotura ona izan da horretarako", azaldu du Marije Bidaguren datu-basearen teknikari izandakoak.
Ingumaren egungo teknikari den Goiaz Elgezabalen esanetan, erabiltzaile gehienak ikerlariak diren arren, bertan aurkitzen den materiala "baliozkoa da unibertsitateko maila guztietan". Eta dena euskaraz: "Garrantzizkoa iruditzen zaigu euskaraz argitaratzea esfortzu bikoitza izan beharrean, ezagutza hedatzeko eta dibulgatzeko bide osagarri bezala aurkeztea", nabarmendu du jardunaldiaren batzorde akademikoko kide den Oskia Agirrek.
UEUren udako ikastaroek ez dute etenik izango uztailaren 11ra arte. Ostegun honetan euskararen arnasguneen inguruko jardunaldia egingo dute Tolosan, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera antolatuta. Ostiralean, berriz, eskuin-muturraren gorakadaz eta "taupada atzerakoiaz" jardungo dira Eibarren, Iratzar fundazioarekin elkarlanean.