argia.eus
INPRIMATU
Ingalaterrak erakutsi ditu hezkuntza utzikeriaren ondorio tamalgarriak
  • Erretiroa hartzekotan den Ingalaterrako belaunaldiak irakurtzeko gaitasun hobea dauka, baita oinarrizko aritmetika maila egokiagoa ere, lanean hasteko adinean diren gazteen aldean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urriaren 09a
Ingalaterrako gazteek euren gurasoek baino emaitza txarragoak ateratzen dituzte irakurmen eta aritmetika gaitasunetan.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) egindako ikerketa baten berri ekarri zuen atzo The Guardian egunkariak. Txosten horrek erakusten duenez, herrialde garatuen artean Ingalaterra da oinarrizko hezkuntzan horrelako atzeraldia bizi duen bakarra. Adibidez, Frantziak, Espainiak eta Italiak dute heldu guztiak kontuan hartuta irakurmen maila apalena, baina heldu gazteenen artean denek hobetzen dute emaitza.

Aldiz Ingalaterran, 55-65 urte bitarteko helduek oinarrizko irakurmen hobea dute 16-24 adin tarteko gazteek baino, baita zenbakiekin oinarrizko ariketak egiteko gaitasun handiagoa ere. ELGAren ikerketak erakusten duenez, 24 herrialdeko sailkapenean Ingalaterrako gazteak 22. postuan daude irakurmen mailan eta 21. gaitasun aritmetikoan.

Albisteak berehala ekarri du Ingalaterrako Gaitasun eta Enpresarako Estatu Idazkariaren erreakzioa. Matthew Hancock kontserbadorearen ustez, “hauek laboristen haurrak dira, laboristen gobernupean heziak eta indarka aberetuak itxaropen gutxiko dieta batekin”. Elkarri errua botatzen hasita, laboristek gogorarazi dute 1997tik 2010era bitartean eskoletako emaitzek gora egin zutela.

Polemika alderdikoietik harago, ELGAk ohartarazi du Ingalaterrako hezkuntzaren egoerak txarrera egingo duela gazteen gaitasunak hobetzeko “ekintza esanguratsuak” abian jartzen ez badira.

Chris Husbands Hezkuntza Institutuko zuzendariaren hitzak ere jaso ditu The Guardianek: “Hau ez da azken bost urteetako problema. Ez da azken 15 urteetako problema. Ez da koalizio gobernuaren problema. Ez da laborismo berriaren problema. Ez da Thatcherren gobernuaren problema. 30 urtez etengabe, behin eta berriz, maila apalenen gaitasunak hobetzen huts egin izana da problema”.