Informazioaren kudeaketa gardena jendartearen demokratizaziorako bide

  • Hedabideak:  Sare sozialen garaian ere, boterea etengabe saiatuko da informazioaren monopolioa mantentzen. Espainiako Gobernuaren "Hiritarren Segurtasunerako Legea" da horren erakusgarri.


2015eko otsailaren 24an - 12:36
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ilustrazioa: Joseba Larratxe

Informazioaren kudeaketa boterea da. Argiako kazetari Gorka Bereziartuak irailean Boligrafo Gorria blogean egindako sarrera batean aipatzen zuen: “gure administrazio publikoetako maizterrei utzi diegu sinisten gangsterrak direla: talde itxietan funtzionatzen dute, badakizkite beste inork ez dakizkien gauzak, lantxo zikinak egiten dituzte, elkar babesten dute eta euren ohorezko kodean dago, barkutik jaisteko ordua iristen denean, omertá zin egitea. (...) Jokoan dagoena know how politiko horren gainean eraikitako guztia delako, hau da, hauteskundeak, alderdiak eta norabide politikoa bezain garrantzitsua den gauzak egiteko modua”.

Arrautza ustelak baino kirats handiagoa botatzen duen erregimen zaharrak dar-dar egin du. Ondorioz, puri-purian jarri dira elementu demokratizatzaileak. Esango nuke ia urgentzia ere bilakatu direla prozesu demokratizatzaileak. Izan ere, horrek dirudi azken urteetako mugimenduak eta teoriak begiratuta, ezkerraren alternatiba politikoa: demokraziaren erradikalizazioa eraldaketarako bide gisa.

Informazioaren kudeaketa boterea da, eta klase politiko zein ekonomikoek hori baliatzen dute euren botereari eusteko. Beraz, gardentasunean sakontzeak, parte hartzeko eta elkarrekintzarako mekanismoak ezartzeak elementu demokratizatzaileak dira bi arrazoigatik: batetik, herritarren ahalduntzea edo emantzipazioa posible egiten du. Bestetik horrek adierazpen askatasunean sakontzea dakar, pertsona ahaldunduak publikoan berba egiteko boterea eta konfiantza eskuratzen duelako.

Norabide horretan, aipatzekoak dira internetek eta teknologia berriek nola bultzatu duten herritarron eskura egongo diren proiektu komunikatibo berriak sortzea, euren nagusi ustelen mende jarduten duten komunikabide korporazioen aurrean. Informazioaren demokratizazioan eta ikuspegien aniztasunean sakontzeak, pitzadurak eragin ditzake mezu uniforme narkotizatzaileetan.

Alta, kanalen biderkatzea ikuspegi poliedriko batetik begiratu behar da bi arrazoigatik: informazio kanalak zabaltzeak ekar ditzakeen arriskuengatik batetik eta informazio kanal berrien aurrean estatuak garatzen ari diren ekintza errepresiboengatik bestetik.

Medioen demokratizazioa eta kazetaritza berria

Aipatu bezala, teknologia berriek medioak herritartzeko zabaldu duten bidea oso garrantzitsua da politika demokratizatzera begira. “Ahotsik gabekoen bozgorailu” izan nahian sortu izan dira azken 15 urteetan interneten medio berriak.

Kontrainformazioaren eremuan kokatu izan diren medioak ezinbesteko elementua izan dira bertsio ofizialaren harresian pitzadurak eragiteko eta baita harresi horiek botatzeko ere.

Azken urteetan sare sozialek biderkatu egin dute aukera hori. Ia edozein erabiltzaile bilakatu da informazio emaile, garraiatzaile zein zabaltzaile. Aho biko labana da ordea hori. Informazioa demokratizatzen laguntzen du baina bestetik egun dagoen informazio kopurua edo gaindosia narkotizatzaile ere izan liteke. Gogoan izan behar baita desinformaziorako tresna ohikoa dela gehiegizko informazioa ematea.

Zentzu horretan funtsezkoa da kazetaritzak eta medioek informazio panorama berrian jokatu behar duten funtzioa. Informazio saturazio horretan, erreferentzia ideologiko eta konfiantzazkoak eskaintzeko tresna dira medioak. Ezinbestekoak ditugu herritarrok konfiantza osoa emango diegun medioak izatea. Erotu egingo ginateke bestela. Baina noski, pentsamendu kritikoa sustatzeko zeregina ere barneratua izan behar dute bi aldeek: medioek zein herritarrek. Konformismo berriak sortzen ariko gara eta bestela.

Zorionez, Euskal Herrian bestelako ikuspegia ematen duten kalitatezko medio mordoa sortu dira azken urteetan Interneten: topatu.info, ahotsa.info, kazeta.info eta ehKz esate baterako. Horrez gain La Directa edo Diagonal gisako proiektuak ere inbidiagarriak dira zinez. Baina Euskal Herrian hedapen handia duten ibilbide luzeko medio herritarrak ere baditugu (sarri multzo honetan sartzea ahazten bazaigu ere): ARGIA, Berria eta Gara.

Sare sozialak: aho biko labana

Sare sozialek informazioa demokratizatzen lagundu dute. Twitterren bereziki sortu den dinamika ikaragarria da. “Zer berri?” galderari erantzunez, iritzi trukerako eta informazio tendentziak markatzeko tresna bilakatu da urte gutxian. Kazetaritza eta komunikazioaren mundua goitik behera irauli duela ere esaten da.

Alta, kazetaritzaren ikuspuntutik arazo bat dute sare sozialek. Informazio iturri edonor bilakatzen denez, informazioaren egiazkotasuna bermatzea ariketa zaila bilakatzen da. Kazetariak Twitterren sartu dira eta besteak beste euren funtzioa izan beharko litzateke egiazkotasuna bermatzea. Baina sare sozialek funtzionatzen duten abiadura kontuan izanda, gezur erdien eta egia erdien hedatzaile bilakatzen da sarri.

Bestetik, sarri esaten da sare sozialek irisgarritasuna handitu dutela. Bai eta ez. Sare sozialak komunitateak dira eta nahiko demostratuta dago sare sozial birtualetan, sare sozial “analogiko” edo kalekoetan izaten ditugun joera berdinak nagusitzen direla. Endogamikoak dira. Sarri izaten dut sentsazioa ez ote diren kazetari, idazle, soziologo eta antzekoen autokontsumorako eremu. Nahiz eta aukerak sortzen dituen, oso gutxitan lortzen da muga horiek gainditzea. Hori bai, horretarako aukera ematen du eta ez da gutxi.

Bestetik, badute bere balioa, mundu mediatikoan sare sozialetako joerak informazio iturri gisa garrantzi handia hartu baitute. Hargatik bilakatzen dira arriskutsu boterearen begietara.

Bada ordea, kontuan izan beharreko beste elementu bat kontu honetan. Kapitalismo modernoan joerak ziztu bizian aldatzen dira eta batzuk hasiak dira esaten Twitterrek bere goia jo ote duen. Asier Sarasuak sustatu.eus-en esekitako artikulu batean azaltzen duenez, 2014ko azken hiruhileko datuek azaltzen dutenez, mundu mailan Twitterren erabilerak behera egin du. 2013an 3. sare sozial erabiliena izatetik 5. postura jaitsi da. Euskal Herrian ere, Umap-ek 2010etik inoizko jarduera txikiena erregistratu du euskarazko erabiltzaileen artean. Kontuak gero eta gutxiago erabiltzen dira, eta erabiltzaileek ere gero eta gutxiago txiokatzen dute. Goiz da hil kanpaiak jotzeko, baina 2015a amaitzerako ikusiko dugu zein den joera.

Badira sare sozial gehiago baina jardun politikoan erabiliena Twitter delako inpresioa dut. Twitterrek behea jo ezkero, beste sare batzuetara aldatuko al da jardun politiko birtuala?

Botere lehia

Informazioaren demokratizazioa sistemaren demokratizaziorako gakoa da. Kontua da demokrazia itxurako diktadura ekonomikootan zenbateraino komeni zaien gangsterrei demokrazia, edo gardentasuna. Etengabe saiatuko dira informazioaren monopolioa mantentzen.

2014an ere izan dira medioen aurkako erasoak: ahotsa.info eta topatu.inforen zitazio judizialak, kartzela zigor eskaerak, txiolarien aurkako sarekadak, poliziak kazetariei protestetan egindako erasoak eta abar.

Espainiako Gobernua informazioaren monopolioari eusteko jokaldia egiten saiatu da, medio herritarrei edo sare sozialei esker bertsio ofizialak hankaz gora behin baino gehiagotan joan baitira azken urteetan. Baita Euskal Herrian ere, herri harresietan ikusi denez.

Hiritarren Segurtasunerako Legea edo LOPSC eta zigor kodearen moldaketa norabide horretan doaz. Estatuaren gaitasun zigortzailea handitu nahi dute horrela bide administratibotik. Horrek poliziaren esku uzten du zigortze gaitasuna, isunen bidez batez ere. Noiz eta krisi ekonomiko lazgarrian.

Gaiari lotuta bereziki aipagarria da sare sozialetatik protesta deialdiak egiteko debeku saiakera zein protestetan poliziaren irudiak grabatzeko debeku saiakera. Protestak ezin badituzte gelditu, gutxienez bertsio ofiziala ez den beste bertsio baten hedapena saihesteko ahalegina nabaria da. Europako Kontseilu Soziala bera zein hainbat epaile eta fiskal eskandalizatuta atera ostean, legea leundu du barne ministerioak 2014ko udazkenean. Poliziaren irudiak grabatu bai, baina ezingo dira zabaldu poliziaren segurtasun pertsonala edo familiarra arriskuan jartzen bada. Poliziak du beraz azken hitza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Urtekaria 2014
2015-02-23 | Andeka Larrea
Donostia 2016: hegemonia eta simulazioa

Kultur hiriburua: Denborak esango digu egitasmoaren hegemonia kultural berria eta simulazioa arrakastatsuak izan zirenetz.


Liburuak baino askoz gehiago

Kulturguneak: Kulturarako espazioen labealdi berri bat sortzen ari da: liburu-dendak dira, baina kulturgune gisa ulertuta.


Eguneraketa berriak daude