argia.eus
INPRIMATU
Industriaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko sistema berri bat garatu du Ekopolek
  • Ekopol ikerketa-taldeko Jon Iñaki Sasia Santos, Gorka Bueno Mendieta eta Iker Etxano Gandariasbeitia kideek Amalur EIS ingurumen-informazioko sistema aurkeztu dute. Egileek azaldu dutenez, sistema horrek ingurumen-inpaktuak kalkulatzen ditu, Kutsatzaileen Isuri eta Transferentzien Europako Erregistroan (E-PRTR) jasotako informazioan oinarrituta. Zehazki, 2007-2022 epean, Europako 31.388 industria-instalaziotako datuak biltzen ditu, lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruz. Gai da kalkuluak egiteko bizi-zikloaren inpaktuak ebaluatzeko 31 metodo desberdin erabiliz, eta PRTR protokoloak araututako 91 kutsatzaileetatik 78 jasotzen ditu.

Elhuyar @elhuyaraldizk 2025eko maiatzaren 14a
Jose A. del Moral/BY

2022an hasi ziren garatzen sistema, eta aurten argitaratu dituzte lehen emaitzak, Environmental Monitoring and Assessment aldizkarian, irekian. Ondorioen artean, nabarmendu dute klima-aldaketa dela Europako inpaktu osoari ekarpen handiena egiten diona (% 68,6). Horrekin batera, energia-sektorea da inpakturik handiena sortzen duen industria-jarduera (guztizkoaren % 59,5). Geografikoki, bi alderdi horiek bat egiten dute Alemaniako Düsseldorf, Kolonia eta Brandemburgo eskualdeetan, eta horrek Europako eskualde-mailako inpaktu handienak kontzentratzea dakar. Hain zuzen, Alemania da inpaktu handiena sortzen duen herrialdea (guztizkoaren % 20,3).

Euskal Herrian ere baliatu dute tresna, eta frogatu dute lurraldeko petrolio-findegi bakarra (Petronor, Muskizen, Bizkaian) nabarmentzen dela: instalazio guztien inpaktuen % 25 sortzen du. Horrez gain, 6 industria mineralen eragin metatua (batez ere zementu-industriena) inpaktu osoaren % 16,9 dela ikusi dute, eta 7 zentral termikoena, berriz, guztizkoaren % 17. Azken horien artea, instalazio kutsatzaileena Total Energiesen ziklo konbinatuko bi zentralak dira (Castejon, Nafarroa).

Ingurumen-inpaktuko kategoriei dagokienez, klima-aldaketa da inpakturik handiena Euskal Herrian (guztizkoaren % 55). Hortik oso urrun daude azidotzea ( % 11) eta ozono fotokimikoaren sorrera (% 9). 

Bestalde, aurreratu dute aurten beste eremu batzuetako isuri difusoen inpaktuen azterketan sakontzeko asmoa dutela; hau da, E-PRTRen integratu gabeko industria txikia, ibilgailuen trafikoa, bizitegi-sektorea, nekazaritza… Izan ere, analisi horren lehen emaitzek ondorio esanguratsuak eman dituzte. Adibidez, Europako industria txikiaren inpaktua, ehunekoetan, industria handiaren antzekoa da. Era berean, ikusi dute isuri difusoak Europako ingurumen-inpaktuaren bi heren inguru direla.

Horrenbestez, egileek baieztatu dute Amalur EIS tresna baliotsua del iraunkortasuneranzko trantsizioa monitorizatzeko; bereziki, Europan.