Industria sortzearen garrantzia

  • Lekeitioko Euskal Zine Bilerak, euskarazko zinema jaialdi bakarrak, helburu bat du: film laburren sorkuntza saritzea. Antolatzaileen esanetan, altuagoa da urtetik urtera aurkeztutako lan kopurua bai eta horien kalitate maila ere. Interesgarria iruditu zaie jaialdiaren barruan antolatzen den Berbaldia mahai-ingurura gaia ekartzea: sektorearen egungo egoeraz mintzatzeko, eztabaida pizteko eta iritziak elkartrukatzeko.


2015eko azaroaren 30an - 09:44
Euskal Zine Bilerako "Euskal Film Laburren Kartografia" mahai-inguruan, ezker-eskuin, Maider Fernandez, Jon Garaño, Kepa Sojo, Txema Muñoz eta Miren Manias (moderatzailea).

Txema Muñoz Kimuak egitasmoaren zuzendariaren arabera, ez dago industriarik. “Sektorea garatu egin da soilik. Garai batean ikasleek beren gauzak egiteko erabiltzen zutena bilakatu da gero eta hobea den arlo bat”. Euskarazko lanen gaineko datu bat ere eman du Muñozek: “oso onak” diren euskarazko 8-10 film labur egiten dira urtean.

Kepa Sojo zinemagile eta EHUko irakasleak nabarmendu duenez, literaturan nobela eta saiakerarekin gertatzen den bezala, “film laburra genero bat da eta autore askok ez du film luzerako saltoa emateko inongo intentziorik”. Aldiz, Jon Garaño zinegileak dio oraindik badagoela film laburrak interesatu ez eta horiek egiten dituenik, gero luzerako saltoa ematea helburu; “alegia, bokaziorik gabe, horrela ulertzen dutelako edo unibertsitateak behartzen dituelako halako lanak egitera”.

Errealitateak dio, halere, “gogo txarrez” egindako hori ona dela. Maider Fernandez zinemagile eta Las Chicas de Pasaik kolektiboko kidearen ustez, teknologiaren demokratizazioak ahalbidetu du lanen kalitatea asko hobetzea. Gaur egun, “denak dira filmak, laburrak edo luzeak izan”. Beraz, nola ezberdindu Euskal Zine Bilerak sailkatzen dituen lanen profesionaltasuna eta amateurismoa? Lau hizlariek aitortu dute muga lausoa dela, eta lanaren izaera produkzio ereduak markatzen duela.

Demokratizazioarekin batera, labur txarrak ere badira, gogoratu du Garañok: “Denok egin dezakegu labur bat, baina ez labur on bat. Argazkilaritzan berdina gertatzen da”. Fernandezek, bestalde, baliabide ekonomikorik gabe egin ditu hainbat lan, baina aldarrikatzen du ezin dela onartu ezer kobratu gabe lan egitea. Ildo horretan, industria sortzeko beharra azpimarratu du Muñozek, izan ere, “lantalde profesional egonkorrak sortzea ezinbestetako baldintza izango da sektorearen etorkizuna bermatzeko”.

Aitor Oñederrak jaso du Urrezko Antzara

Azaroaren 28an banatu zituen sariak Euskal Zine Bilerak. Profesionalen arloko Urrezko Antzara, film onenaren saria alegia, Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics pelikulak lortu zuen. Gidoi onenaren saria ere jaso zuen Oñederrak.

Amateur sailean berriz, Yago Mateok zuzendutako Fishura filmak hiru sari irabazi zituen: pelikula onenarena, argazkiaren saria eta Antzar Morea (genero ikuspegia ongien txertatzen duen lana izateagatik).

Sari banaketan, Aitor Mazo aktorea omendu zuten.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude