argia.eus
INPRIMATU
Indigenen Munduko Jokoak egiten ari dira Brasilen protesten erdian
  • 20 herrialdetako 2.000 kirolari baino gehiagok hartu dute parte Brasilgo Indigenen Munduko Jokoetan. Helburua dominak irabaztea baino, gizartea indigenen kulturaz kontzientziatzea da antolatzaileek azaldu dutenez. Haatik, Indigena eta lur jabe eta nekazari handien arteko tentsioa handia da Brasilen, The Guardian egunkariak bildu duen bezala.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 30a
Lurraren jabetzaren inguruko protestak ugaritu egin dira Brasilen.

Indigenentzako Eliza Katolikoaren Kontseilu Misiolariaren (CIMI) arabera, 138 indigena hil zituzten iaz; 2013rekin alderatuta %130 gehiago. Gatazka lurraren jabetzaren ingurukoak dira, eta zapatuan bertan, Mato Grosso estatuan indigena bat tiroz hil zuten nekazari eta kamioilariekin izandako protesta batean. Eguenean, berriz, 100 ekintzaile indigenek tokiko gobernuaren eraikina okupatu zuten protesta gisa eta estatuko nekazal produktuei boikota egiteko dei egin zuten.

Brasilek 200 milioi biztanle ditu eta horietatik %0,5a indigenak dira. Betidanik izan dira gatazkan gobernuarekin eta europar jatorrikoekin lurren eta euren eskubideen inguruan. Azken urtean tentsioak gora egin du indigenen lurrak mugatzeko kongresuan eztabaidatzen ari den Konstituzioaren zuzenketa baten harira.

Lege aldaketak erabakitzeko aukera gabe uzten ditu indigenak

Indigenen lurrak zeintzuk diren erabakitzeko boterea gobernu federaletik legebiltzarrera bideratzea du helburu zuzenketak. Gaur egun indigenen agentziak eta gobernuak egiten du lan hori, nahiz eta bere funtzionamendu geldoak indigenen eskubideen aldeko taldeen kritikak jaso dituen. Edonola ere, legebiltzarrak boterea eskuratuz gero indigenen lurren jabetza kolokan egongo litzateke, izan ere legebiltzarreko politikari asko nekazal-industriak babestuta daudela salatu dute.

Nekazal industriak ezinbesteko ikusten du zuzenketa “inork ez dituelako defendatzen lurjabeen eta ekoizleen eskubideak”. Padre Ton indigenen parlamentuko frontea zuzendu zuen Langileen Alderdiko (PT) legebiltzarkide ohiak uste du zuzenketa onartuz gero gatazkak areagotu egingo dela. “Gobernua ahula da une honetan, eta nekazal lobby-ei men egingo die”, adierazi du, “gutxik defendatzen dituzte indigenen eskubideak”.