argia.eus
INPRIMATU
Minbiziaren aurkako botikak banatuko ditu Indiak, Bayerren patenteen gainetik
  • Bayerrek patentea zuen minbiziaren aurkako sendagai baten ekoizpena baimendu du Indiako Jabetza Intelektualaren Apelazio Batzordeak. Multinazional alemaniarrak aurkeztutako helegitea arbuiatu dute Periodismo Humano atarian irakur daitekeenez, eta hemendik aurrera, botikak prezio eskuragarriagoa edukiko du.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko martxoaren 06a
Patenteen aurkako manifestazio bat Mumbaien (Argazkia: http://msf.periodismohumano.com)

Mugarik Gabeko Medikuek (MGM) azpimarratu dute Indiak erakutsi duela “patenteen abusua” kontrolatzeko mekanismoak dituela, eta gai dela sendagai patentatuen bertsio eskuragarriagoak eskaintzeko.

Bayerrek gaixoentzat eskuraezinak ziren prezioak jarri zizkien botikei, hilean 5.500 dolar baino gehiago. Orain, berriz, salneurria 175era jaitsiko da, eta Bayerrek ekoizlearen eskutik %6ko komisioa jasoko du.

MGMk sendagaien bertsio merkeagoak edukitzearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, HIESA, tuberkulosia edo hepatitisa jasaten duten pertsonek tratamenduz aldatu behar izaten dute, botika eraginkorragoak erabiliz. Prezioen jaitsierak jende gehiagok erabiltzea ahalbidetzen du. Bestalde, erakundeak eskatu du sendagai hauen erabilera India ez diren beste herrialdetan ere ziurtatzea.

Indiako sendagai generikoen ekoizpenari esker HIESAren kontrako botiken prezioak, esaterako, %99 jaitsi dira 2000tik gaur arte.