Carles Puigdemontek independentzia aldarrikatuko duen osoko bilkura 18:00etan hasiko da Kataluniako Legebiltzarrean. Zein motako adierazpena egiten duen ikusteko Ikusmina sekulakoa da. Parlamenteko prentsatik pasatako datuen arabera, 120 atzerriko medio daude, 300 atzerriko kazetari akreditatuak eta, Espainiako Estatukoak kontuan hartuta, guztira 1.000tik gora.
Parlamentuaren ondoko hainbat kale itxita daude, berau dagoen Gotorlekua ere herritarrei itxita eta Mossoen oso zaintza neurri zorrotzak dira haren ingurune osoan. Parlamentua barruan ere mugimendu itzela da, pertsonen etengabeko joan etorri bat. Hona osoko bilkura jarraitzeko baliagarriak izan daitezkeen hainbat kontu.
Puigdemonten agerpena. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen Junts Pel Sí eta CUPek atzorako deitutako osoko bilkura, berau Erreferendumaren Legean eta Trantsizioaren Legean oinarritzen zelako. Ondoren, Puigdemontek berak eskatu zuen gaurko agerraldia, urriaren 1ekoaren ondoren egoeraren balantzea egiteko. Hor ez dago arazorik, bere eskumen artean delako parlamentuaren aurrean agerraldia eskatzea.
Independentzia aldarrikapena. Generalitateko eta esparru independentistako iturri guztien arabera, presidentak gaur independentzia aldarrikatuko du, baina independentzia ez ei litzateke hasieratik bete-betean indarrean sartuko, apurka baizik. Puigdemontek berak dioen gisan, “independentzia ez da botoi bat ematea”. Horri besteko garrantzia emango ei dio elkarrizketari eta negoziazioari.
Erreferenduma eta Trantsizio legeak. Berez, gaurko adierazpena Erreferendumaren Legearen jarraipena da, haren 4. artikuluaren arabera urriaren 1ean baiezkoak irabaziz gero, independentzia aldarrikatuko litzateke. Behin hau egin ondoren, Trantsizio Legea sartuko da indarrean, eta hau, zelanbait esateko, konstituzio txiki baten araberakoa da, Kataluniako Errepublika sortzen laguntzeko lege bat, legedi espainiarretik Kataluniakora trantsizioa gidatuko duena. Honen arabera, independentzia aldarrikatu eta sei hilabetera parlamentua desegin behar da eta hauteskunde kontituziogileak deitu
155. artikulua. Gaurko aldarrikapenaren ondoren, bihar Espainiako Gobernuak 155. artikulua indarrean sartuko dela aurreikusten da. Bihar 16:00etan du agerraldia Mariano Rajoyk. Lehen lau hilabete behar baziren hau bideratzeko, Madrilgo Gobernuak jakinarazi du bost egunetan egingo lukeela, prozedura laburtu bat erabiliz. Senatuan bakarrik behar da gehiengo osoa eta PPk badu hori. Honek funtsean esan nahi du Espainiako Gobernuak hartuko lukeela Generalitatearen eta Kataluniako autonomiaren instituzioen kontrola. Egungo Kataluniako Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berriak dei ditzake lehen neurrien artean.
Errepresioa. Behin 155. artikulua indarrean sartuta, eta sartu gabe ere bai, eremu korapilotsuan sartuko gara, aurreikuspen guztien arabera, Espainiak errepresioa areagotuko ei du eta. Hori da segurtasun bakarretakoa, moldeez denetarik entzun edo irakurri baitaiteke: batzuk agindutakoak dira, esaterako Guardia Zibilak gaur eskatu baitu ANC eta Omniumen kontuak blokeatzea; eta beste batzuk konplexuagoak, esaterako, Puigdemont presidentearen atxiloketa.
Edozein modutan, Kataluniak bere historiako ate garrantzitsu bat gurutzatuko du gaur legebiltzar honetan eta ARGIA horren lekuko zuzena izango da, bai Legebiltzarretik, baita ANCk kalean deitutako mobilizazioetatik ere.