Ernaik manifestazio jendetsua egin du igandean Donostian, estropaden ostean, "Ekin eta bultza askatasunera" lelopean. Milaka gazte elkartu dira independentziaren alde eta faxismoaren aurka. Txiki eta Otaegi omendu dituzte, beren borrokarekin jarraitzeko konpromisoa agertu eta hilaren 27rako Sortuk Iruñean egingo duen ekitaldira bertaratzera gonbidatu dituzte parte hartzaileak.
Ikurrinak eta Nafarroako banderak astinduz, milatik gora lagun elkartu dira igandean Donostian Ernaik deitutako manifestazioan, Irutxuloko Hitzak jaso duenez. Askatasunaren Hiribidean Txiki eta Otaegi omendu dituzte eta Okendo kalean Espainiako eta Frantziako bandera bana erre dituzte ekintzaileek.
Manifestazio amaieran Ernaiko kideek m nabarmendu dute beren antolakundea etorkizunari begira dagoen arren, iraganari ere begiratzen diotela. Frankismoari aurre egindako belaunaldiak, Trantsizio garaiko hautuak, nola sortu ziren mugimendu sozialak, sindikalak, feministak... Borroka horien guztien jarraipena izateko asmoa dutela berretsi dute igandean.
Azken urteetan Ernai parte hartzen ari den borroka eta ekimen ugari aipatu dituzte, hala nola, euskararen aldeko mobilizazioak, greba feministak, Palestinarekiko elkartasun ekintzak eta bestelako proiektuak.
“Ez gara lehen bezala ari, baina horrek ez du esan nahi okerrago ari garenik”, adierazi du beste belaunaldietako kideekin dituzten eztabaidei erreferentzia eginez. Gaur egungo erronkei erantzuteko tresna berriak garatzen ari direla azaldu dute, ikuspegi feminista barneratuz eta "militantzia biziago eta jasangarriagoak" bilatuz.
Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak hartu du hitza ekitaldiaren amaieran. “Ez dugu etsiko, gure herria libre izan arte, euskaraz bizi ahal izan arte, gure ikurrak askatasunez astindu ahal izan arte”, adierazi du, mugimenduaren izaera independentistari erreferentzia eginez.
Euskal Herriaren independentziak sistema kapitalistan arrakala sortuko lukeela defendatu du: “Independentzia da Euskal Herrian sistema kapitalista pitzatu eta zapalkuntza oro gainditzera bidean egin dezakegun ekarpena. Espainiako eta Frantziako estatuekin apurtu, erregimena gainditu eta zapalkuntzarik gabeko etorkizuna irudikatzeko aukera dugu”.
Gogorarazi dute irailaren 27an, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrenean, Sortuk ekitaldi nagusia deitua duela Iruñeko Anaitasunan. Ernairen ustez, borroka horri jarraipena ematea ezinbestekoa da: “Faxistek ez zuten lortu. Gaur milaka gara Txiki eta Otaegi gogoan, Euskal Herriaren askatasunaren, sozialismoaren eta feminismoaren alde lanean ari garenak”.