Independentzia eta lurraldetasuna, gehiengo demokratikoak ezinbesteko direnean

  • ARGIA Eguneko lehen ekitaldia egin zen atzo Usurbilen egindako mahai-inguru musikatuarekin: “Independentzia ikusmiran, zein estrategia behar du EHk?”. Bertan izan ziren Iñaki Antigüedad EHUko hidrogeologia katedraduna eta Amaiurreko diputatu ohia, eta Asier Blas EHUko irakaslea eta munduko burujabetza eta independentzia prozesuen ikertzailea.


2014ko irailaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Zugarramurdin bizi den Carles Belda musikari katalanaren soinu txikiak ireki zuen ekitaldia, Internazionala eta Hegoak Ebaki banizkio doinuekin. Gaurkotasunari zehatz helduz Urko Apaolaza Argiako kazetari eta moderatzaileak Eskoziako erreferendumak Euskal Herriko independentziari nola eragingo dion galdetu zien. Blasek irribarrez bota zuen: “Irabazi izan balu gehiago eragingo luke”. Eta gazia ere azaleratu zuen: “Halako prozesuak adosten direnean oso zaila izaten da irabaztea (…). Erreferentzia da Eskozia, utz dezagun hor”. Antiguedadek halako prozesuen konplexutasuna azpimarratu zuen: “Zaila da, baina posible. Egoera demokratiko batean abiatu da eta heldu diren lekura iritsi dira”.

Ezinbestean, Eskoziatik Kataluniara. Noiz eta nola desobeditu behar da? Blasen ustez, desobeditzekotan, Katalunian eraginkorrena hauteskundeak aurreratzea litzateke eta gehiengo sendoa lortu ondoren independentzia aldarrikatzea. “Lituaniak horrela egin zuen eta independentzia prozesu gehienak horrela egin dira. Kontsultaren arriskua? Partaidetza txikia izatea –%45 adibidez– eta horrek independentzia bultzatzeko ez du indar handirik (…) Jatorrizko estatutik banatzeko tentsio handia behar da eta Katalunian bada”. Antiguedaden aburuz, katalanak batez ere kaletik ari dira bultzaka eta horrek mugiarazi du betiko politika. “Desobedientzia tresna bat da eta erabaki behar da noiz erabali edo noiz ez, baina garrantzitsuena da desobedituz gero alternatiba bat behar duela. Txanpon bereko bi aldeak dira desobedientzia eta altenatiba".

Bake prozesuko blokeoak burujabetzara bidean duen eragina aztertu ondoren, lurraldetasunaren arantzara iritsi ziren. Ezker abertzaleko kide historiko den Antiguedadek azaldu zuen asko poztu dela azkenean finkatu den ikusmoldearekin: “Hiru esparru eta hiru erritmo daude. Lurraldetasuna egunorokoan mamitzen hasi behar dugu: zer izango gara, federazio, konfederazio…. Horretaz guztiaz hitz egin behar da (…) Bakoitza berearekin, baina uztarrian”. Blas oso argia izan zen: “Urteetan independentzia nortasun kontu bat izan da, baina ez zen proiekturik (...) Gehiengo demokratikorik gabe ez dago lurraldetasunik, eta gehiengoak direnak dira”. Horrexegatik berak gaur egun independentzia prozesurik nonbait ikusten badu, hori EAEn da eta asko jota Nafarroan”. Hori bai, bere ustez “funtsezkoa da gauza hauei buruz hitz egitea, pentsatzea, hausnartzea”.

Apaolazak EAJren eta EH Bilduren arteko harremana ere jarri zien mahai gainean: Ikusten al duzue bien arteko aliantzarik independentzia prozesu batean? Blas: “Epe motzean ez dut uste, hegemoniaren lehian daude orain eta bata edo bestea gailendu arte ez da desblokeorik izango. Katalunian ere hala gertatu zen, eta 2010eko hauteskundeetan CiU argi nagusitzea giltzarri izan zen”. Egoera hori desblokeatzeko gizarte mugimenduen indartzea ere garrantzitsua dela azpimarratu zuen Blasek, eta hauek gero eta kritikoagoak izatea eta ez bere parrokiaren jarraitzaile soil.

Antiguedaden esanetan, “bi ez dira biltzen batek nahi ez badu. EH Bilduk eskuak zabalik ditu horretarako, baina epe motzean ez dut ikusten EAJ prozesu horretan”. EAJk erdibidearen hautua egin ohi duela esanez, bere jarioan ohikoa den ironiari heldu zion: "Eskozian jeltzaleek “Yez” bozkatuko zuten". Bere beldurra: EAJk Madrilekin galdera bakarra negoziatzea eta hori bakarrik aurkeztea euskal gizarteari, “Gernikako Estatutuarekin egin zen bezala”.

Kronika honetan konta daitekeena baino luze eta, batez ere, sakonago jardun zuten hizlariek Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean bildu ziren 40 lagunen aurrean. Datozen asteko Argia astekarian luzeago jorratuko da eta bideoa ere jarriko da Argiaren webgunean. Bukaera Carles Beldak eman zion, Euskal Herria, Katalunia, Okzitania eta Eskoziako errealitateak hitz joko eta musika doinuetan lotuz. “Yes nola esaten da gaelikoz?”, galdetu zien entzuleei. Inork ez zekin: “Ez dakigulako joko dut dantza eskoziar alai hau, baina triste joko dut”. Eta bukatzeko, Lluis Llachen L’ Estaca: "Hik bultza gogor hortikan / ta bultza nik hemendikan, / ikusiko dek nola-nola / laister eroriko dan".

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/Carles-Belda.jpg

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herria
Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Eguneraketa berriak daude