Leitzako Independentistak sareko kideek 'Independentzia eguna' antolatu dute abuztuaren 9rako, euskal mugimendu independentista bultzatu asmoz. Aldarrikapena eta festa uztartuko duen egun osoko egitaraua prestatu dute.
Independentistak sareak dioenez, denbora laburrean independentzia utopiatik “etorkizuneko aukera bideragarria” izatera igaro eta eztabaida politikoaren erdian kokatu da. Eskozian eta Katalunian udatik bueltan jazoko diren galdeketa egunei begira daudela diote.
“Garai politiko hain garrantzitsu hauetan, euskal mugimendu independentista orokorrean bultzatu nahi dugu Leitzatik ekimen honekin”, esan dute antolatzaileek.
Egun osoan ekitaldi politikoak, herri kirolak eta musika izango dira, besteak beste. Kataluniatik ere hainbat lagun etorriko dira, eguneko ekintzetan parte hartu eta “aldarrikapen independentistaren ikur” bilatu diren “Castellerren” ikuskizuna eskaintzeko.
Jendeak parte hartzeko aukera izateko moduan antolatu dute eguna, eta “sentsibilitate desberdinetako independentistak” elkarlanean egiten ari diren lana esperientzia aberasgarria bihurtu dela diote. Haien hitzetan, “helburu handiagoetarako oinarria eraikitzena ari gara denon artean”.