Urtarrilaren 2an Frantziako Estatuan indarrean sartu den araudi berriak gidabaimena izateko aukera ematen die 17 urteko gazteei, baina murrizketekin. Espainian oraindik ez dago zehaztuta araudi berria noiz sartuko den indarrean, baina martxan da dagoeneko Frantzian, Alemanian eta Portugalen, besteak beste.
Ipar Euskal Herrian 15 urteko gazte batek posible du gidatzea heldu batek laguntzen badu, baina orain arte 18 urteak bete arte itxaron behar zuen gidabaimena eskuratu ahal izateko. Urtarrilaren 2tik aurrera, ordea, araudi berria sartu da indarrean Frantziako Estatuan: 17 urteko gazteek autoeskolan izena eman ahal izango dute, eta gidabaimena atera 400 kilotarainoko triziklo, quad eta kuadriziklo arinak gidatzeko 90km/h-tik beherako abiaduran. Espainian ere urte honetan aplikatuko da araudi bera, nahiz eta datarik zehaztuta ez dagoen.
Gérald Darminin Frantziako Barne ministroak bestelako aldaketan ere azaldu ditu 2024 honetarako: hemendik aurrera gehiegizko abiadura txikiek ez dute eraginik izango gidarien oinarrizko puntuetan –orain arte arau-hauste arinen ondorioz gidabaimeneko puntu bat galtzen zen–. Hori bai, 68 eta 135 euro arteko isuna izango dute.