argia.eus
INPRIMATU
“Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde”, VI. Emakumeen* Mundu Martxa
  • Maiatzaren 10ean egingo dute: Bardean hasi eta Donostiako manifestazioraino. Lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista izango ditu ardatz.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko maiatzaren 07a
2021eko Emakumeen* Mundu Martxa, Irun eta Hendaia banatzen dituen zubian Dani Blanco - ARGIA Fototeka

Seigarren edizioa izango du aurten Emakumeen* Mundu Martxak. Bost urtean behineko zita Bardean hasiko da, maiatzaren 10ean, eta Euskal Herriko zenbait herri igaroko ditu, Donostian amaitzeko, 19:30ean, Easo Plazako manifestazioan. Tartean, Aramaio, Gernika-Lumo eta Irun eta Hendaia arteko zubitik pasatuko dira. "Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra!" lelopean abiatuko da. 

Bere leloak adierazi bezala, aurtengo edizioak hiru ardatz izango ditu. Batetik, lurraren defentsaren aldarria egingo dute. "Mundu eta bizitza bizigarriak erdigunean jarri nahi ditugu klima larrialdi bete-betean aurkitzen garen honetan", adierazi dute antolatzaileek. Lurraren eta bere baliabideen esplotazio masiboa salatuko dute, eta eredu hori bultzatzen duten erakundeak interpelatuko dituztela adierazi. Gogorarazi dute, bestalde, ustiaketa ipar globalak egiten duela, hego globalarekiko: "Egun, hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismoa da. Ezin dugu beste aldera begiratu".

Aurtengo edizioaren bigarren ardatza migrazio politikak dira: "Bazterreko subjektuak kolpatzen dituen sistema batean bizi gara, non gorputz migratu zein arrazializatuak diren zapalkuntza hauen jo-puntuan daudenak, besteak beste". Hori horrela, atzerritartasun legearen abolizioa eskatu dute, urgentziazko neurri gisa; baita indarkeria eta arrazismo instituzionala salatu ere.

Indarkeria matxista da hirugarren ardatza. Azaldu dute indarkeria matxistak egiturazkoak direla ulertzen dutela, eta, hori horrela, beste zapalkuntza sistema batzuekin batera "emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea" kontrolatzeko erabiltzen dituztela.

Maiatzaren 10eko ekintzaz gain, antolatzaileek gonbita luzatu dute Euskal Herriko herrietan asteon antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko; baita Europa mailako Nazioarteko VI. Ekintzan parte hartzekoa ere, Marseillan, ekainaren 13,14 eta 15ean.