Larunbat gauean, goizeko ordu batak puntuan, tabernak itxi eta berehala polizia Irungo Mosku plazan zeuden gazteak jipoitzen hasi zela salatu du Mosku Defendatu plataformak. Iskanbilarik ez zen arren, polizia zain zegoela ohartarazi du plataformak: “Kolpeak, ubeldurak, garrasi eta errespetu faltak… Ulergaitza den proportziorik gabeko indarkeria eta bortizkeria” kritikatu eta gazteen kriminalizazioa salatu du. Elkarretaratzea deitu dute auzoan, astearte arratsaldean.
Topiko desitxuratuez nazkatuta
Bortizkeria pasarte horren aurretik inongo iskanbilarik gertatu ez zela baina Erne Euskal Poliziak gazte=kriminal ekuaziora jo duela deitoratu du plataformak. Gertaturikoa kontatzeko, “radicales (…) increpan a la Ertzaintza y Udaltzaingoa” idatzi zuen Ernek, sare sozialetan. Gazteak kriminalizatzeko joeraz nazkatuta daudela diote plataformako kideek, batez ere politikoki aktiboa eta Mosku auzoan dabilen gazte profilaren kriminalizazioaz nazkatuta: “Hasi gara nazkatzen beti topiko desitxuratu berdinen bueltan sostengatzeko saiakera etengabearekin”.
Mosku auzoaren kontrako “jazarpen polizial berezitua eta gure auzoaren gaineko sekuritismoa eta alerta egoera etengabea” ere salatuko dute asteazken honetan, arratsaldeko 20:00etan, Mosku izenez ezagunagoa den Irungo Urdanibia plazan.