argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren biktimen tasak gora egin du Hego Euskal Herrian 2018an
  • Indarkeria matxistaren biktimen tasak gora egin du Hego Euskal Herrian 2018an Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. %8,3 igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %4,7 berriz Nafarroan.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 29a
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea iaz Donostian (argazkia: Donostiako Feministak).

Guztira 1.051 emakume genero-indarkeriaren biktimatzat jo zituzten 2018. urtean ofizialki Hego Euskal Herrian. 2017arekin alderatuz aitortutako biktimen kopuruak gora egin du beraz, bai EAEn eta bai Nafarroako erkidegoan. Eta datuek erakusten dutena baino altuagoa da problema, izan ere, bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeria bakarrik hartzen du kontuan estatistika honek, beste era batzuetako indarkeria matxistak ez ordea.

Asteartean eman ditu Espainiako Estatistika Institutuak 2018ko genero indarkeriari buruzko datuak eta nabarmentzekoa da EAEn izandako indarkeria kasuen igoera Espainiako Estatuaren batez bestekotik gora dagoela: %8,3 igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Espainian igoera hori %7,9koa da.

Datuek erakusten dutenez, pertsona gazteenen artean hazi da gehien salaketen kopurua: %14,1 gehiago 18-19 adin tartean eta %11,9 berriz 25-29 urte dituztenen artean. Genero indarkeriaren biktimen erdia 25 eta 39 urteen artean dago.