argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxistaren aurrean Lanbidek "kea saltzen duela" salatu dute hainbat gizarte eragilek
  • Lanbideren Bizkaiko egoitza nagusiaren aurrean protesta ekintza burutu dute ke bengalekin "egoitza izkutatu asmoz". Indarkeria matxista kasuetan Lanbidek duen jarrera gaitzestea izan dute xede Bizkaiko dozena bat eragilek.

Uriola.eus @uriolaeus 2016ko azaroaren 25a
Argitan elkarteko kide bat Lanbideren aurrean. Argazkia: Berri Otxoak.

2011tik ari da Lanbide "praktika okerrak" ezartzen genero indarkeriaren biktima diren emakumeei. Hain zuzen ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE-RGI) eskumenen kudeaketa Lanbidek beregain hartu zuenetik. Harrezkero, "zenbait politika hipokrita, murriztaile eta kaltegarri" ezarri ditu, batik bat, "era larrian emakumeei eragin dietenak". 

Lanbidek "ez du espazio fisiko egokirik" indarkeria paraitu duten emakumeei arreta emateko. Hortaz, ez du erabiltzaileen "intimitaterako eskubidea" bermatzen gaur Argitan elkarteko Karmele Andresek adierazi duenez. Gainera, Lanbideko "langile guztiak ez daude genero gaietan trebatuta", eta bulegoetara jotzen duten emakumeak arreta ematen dien langilearen "gaitasunaren menpe" daude. 

Prestazioren bat jaso ahal izateko, urruntze agindua indarrean izan behar dute emakumeek, baina "hori ez dago emakumeen esku, epailea da erabakitzen duena", Andresen arabera. Urruntze aginduak "ezin du argudioa izan DBE-RGI ez emateko". 

Seme-alabaren bat duten emakumeek, elikagaietarako pentsioa eskuratzeko, "aita salatzera behartuta daude". Indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, "ez da beti posible, ezta erraza ere". Horregatik diote gizarte eragileek "salaketaren ondorio ezkorrak baloratu beharrekoak direla". 

"Beste baldintza bat gehitzen zaie" indarkeria jasan duten emakumeei. Auzitegian urtebeteko epea baino lehen bideratu behar dute senarrarengandik banantzeko eskaera, eta "ez da zeregin erraza prekaritatea eta zaurgarritasun egoera bizi duten emakume askorentzat". 

Arauok idatzi eta erabakitzen dituzten pertsona "emakumeek bizi duten errealitatetik urruti bizi dela" irizten diote. 

Bada beste baldintza "zentzugabe bat" Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eskuratu ahal izateko, indarkeria egoeragatik euren etxea utzi behar izan duten emakumeen kasuan, "frogatu beharra daukate aurreko etxebizitzari errendimendu ekonomikoa ateratzen ari direla, adibidez etxea alokatzen". Baldintza hau betetzea "ezinezkoa" zaie "euren egoera pertsonalagatik".

Eskakizunak

"Tratu txarra jasan duten emakumeenganako eskubide urraketa argiaren aurrean", hainbat eskakizun luzatu dizkiote Bizkaiko gizarte eragileek Lanbideri. 

- Indarkeriaren biktimei arreta emateko protokoloa osatzea eta protokoloaren kudeaketa udal gizarte zerbitzuek beregain hartzea, edo genero indarkeria pairatu duten emakumeekin lan egiteko trebatuta dagoen Lanbideko langileek. 

- Urruntze agindurik ez eskatzea, biktima izaeraren balorazioa baizik; udal gizarte zerbitzuek edo zerbitzu espezializatuek egindako balorazioa. 

- Senarrarengandik banantzeko agindua ez eskatzea hain epe murritzean.

- Ohiko etxebizitzaren errendimendu ekonomikoa ez eskatzea -edo jabetzan duen beste edozein ondasunena- udal gizarte zerbitzuek edo zerbitzu espezialiatuek erabaki arte emakumea egoera horri aurre egiteko gai dela.

Albiste hau uriola.eus-ek argitaratu du eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.