argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista salaketak behera egin dute konfinamendua hasi denetik
  • Emakundek adierazitakoaren arabera, azken bi urteekin konparazioan erdira jaitsi dira salaketak. Erakundearen arabera, beherakadaren arrazoi posibleen artean leudeke beldurra eta egoera honetan salaketa egiteko zailtasunak. Salaketa kopuruak behera egiteak, baina, ez du zertan izan indarkeria kasu gutxiago ematen ari denaren seinale.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 26a

Koronabirusagatik itxialdia hasi denetik indarkeria matxista salaketek izandako beherakadaz ohartarazi du Emakundek, azpimarratuz erdira jaitsi direla azken bi urteekin konparazioan. Jaitsieraren balizko arrazoiak ondokoak izan daitezkeela uste du Emakumearen Euskal Erakundeak: “Erasotzailearekin bizitzen ari diren bitartean emakumeek salatzeko izan ditzaketen zailtasunak eta beldurra”. Sarri erasotzailea emakumearekin bizi ez den bikotekide ohia izan ohi denez, konfinamenduak eraso horiek oztopatu izana ere posible dela adierazi dute.

Bestelako hipotesi bat ere badu erakundeak: bizilagunak egun osoz etxean egonik, “kontrol sozial handiagoa eta hurbiltasun handiagoa” dagoela”. Horrez gain, uneotan “hiritarrak gai hauekiko gero eta kontzientziatuago” daudela ere uste du Emakundek.

“Funtsezkoa da gizarteak emakumeenganako indarkeriaren aurrean duen zaintza aktiboa mantentzea, are gehiago une honetan. Bakarrik ez daudela eta gutxieneko seinalearen aurrean laguntzeko prest gaudela sentitu behar dute”, adierazi du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Hala bada, indarkeria matxista kasuren baten testigu izatekotan, laguntza eskaintzera dei egin die herritarrei.

Itxialdia, arrisku faktore

Salaketa zenbakiek behera egin izanak ez du zertan izan indarkeria kasu gutxiago ematen ari direnaren seinale. Mugimendu feministak mahi teknikoa martxan jarriko zuela jakitera ematean ohartarazi zuenez, indarkeria matxista kasuak larriagotu egin daitezke, indarkeria pairatzen duten emakume askok beren erasotzaileekin egin beharko duelako itxialdia.

Itxialdia hasi denetik hainbat dira ezagutzera emandako eraso matxistak, hilketa matxista kasu bat tarteko.

Telefono bidezko arreta

Itxialdia tarteko, 24 orduz zerbitzua eskaintzen duen 900 840 111 telefono zenbakiaren hedapena indartu egin dute; baita larrialdietarako 112 zenbakiarena ere.