argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista arbuiatzeko protesta jendetsuak egin dira Zarautzen eta Tolosan
  • Zarautzen gizon batek neska adingabe bati egindako sexu erasoa salatu dute, eta Tolosan, berriz, beste gizon batek osteopatia kontsultategi batean bi emakumeri egindako sexu erasoak salatu dituzte. Bi kasuetan atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 30a
Sexu erasoak salatzeko manifestazioa Zarautzen. // Argazkia: Zarauzko hitza

Harrabotsa eragin dute herritarren artean azken egunotan Zarautzen (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa) argitara atera diren indarkeria matxista kasuak. Horren erakusgarri dira astearte arratsaldean eginiko protestak. Zarautzen manifestazio jendetsua egin dute udaletxe plazatik abiatuta, Indarkeria matxitari erantzun. Autodefentsa feminista lelopean, eta Tolosan ere elkarretaratzeak egin dituzte, herrian izandako bi sexu erasoak gaitzesteko: bata Plaza Zaharrean, Tolosako Udalak deituta, eta bestea Triangulo Plazan, Tolosaldeko Itaiaren eskutik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman zuen Zarauzko kasuaren berri, eta jakinarazi zuen joan den ostegunean gizon bat atxilotu zutela, neska adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta. Egun bat beranduago eraman zuten epailearen aurrera, baina ikerketak oraindik zabalik jarraitzen du.

Zarauzko hitza-k jaso duenez, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxka taldeak manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan azaldu dute indarkeria sexistaren prebentzioa egiteko gaia “lehen lerroan” jartzea beharrezkoa dela, eta eragile, administrazio zein elkarteei eskatu diete “ardura har dezatela”.

Tolosan, berriz, urtarrilaren 21ean atxilotu zuten ustezko erasotzailea, osteopatia kontsultategi batean bi emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta. Erasoetako bat duela urte batzuk gertatu zen; eta bestea, berriz, duela gutxi. Antza, gizonak hasieran masaje bat ematen zien bizkarreko, lepoko edo gerrialdeko eremuetan, gerora inolako baimenik gabe eremu intimoetara iritsita.

Tolosako epaitegiko epailearen aurrean deklaratu ondoren, ustezko erasotzailea kargupean aske geratu da, baina ikerketak zabalik jarraitzen du, iturri ofizialek uste baitute pertsona gehiago izan daitezkeela kaltetuak. Hori dela eta, Oriako ertzain-etxean salaketa jartzeko gomendatu diete biktimei.

Tolosako Udalak indarkeria matxistak “gure bizitzako esparru guztiak” zipriztintzen dituela esan du elkarretaratzearen amaierako ekitaldian, eta horiek guztiekin amaitzea dela helburua: “Indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugu”. Hala adierazi du Tolosaldeko ataria-k.

Tolosaldeko Itaiak egindako elkarretaratzean, berriz, emakume langileen aurkako eraso ororen aurrean erantzun “eraginkorrak” hedatzea beharrezkotzat jo dute: “Argi dugu ezinbestekoa dela erasoak gauzatzen dituztenak seinalatzea, baita emakumeok egoera horretatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea ere”. Itaiak bide horretan jarduteko konpromisoa duela adierazi dute.

Zazpi atxilotu Nafarroan

Foruzaingoak zazpi gizonezko atxilotu ditu asteburu honetan, indarkeria matxistarekin zerikusia duten delituak leporatuta: lau gizon atxilotu dituzte familia eremuko tratu txarren delituengatik; beste bi kautelazko neurriak urratzeagatik; eta zazpigarrena sexu erasoengatik. Tuteran, Zarrakaztelun, Cascanten, Milagron, Caparroson eta Iruñean eman dira gertakariok, Berria-k jaso duenez.