Ostegun honetan bozkatuko dute EAEko lehendakari berria. EAJko Iñigo Urkullu eta EH Bilduko Maialen Iriarte dira lehendakaritzarako bi hautagaiak. Sorpresarik ez bada, Iñigo Urkullu izango da lehendakari hirugarrenez.
Ostegun goizeko 09:30ean ekin diote inbestidura saioari Eusko Legebiltzarrean, hurrengo agintaldian Eusko Jaurlaritzako lehendakari izango dena izendatzeko. EAJko Iñigo Urkullu eta EH Bilduko Maialen Iriarte dira lehendakaritzarako bi hautagaiak, eta beren proiektu politikoez mintzatuko dira bata zein beste goizeko saioan; bakoitzak 90 minutuko tarte izango du horretarako. Arratsaldeaz alderdian arteko eztabaidari bide emango diote, eta iluntzean egingo da bozketa.
Aurreikuspenen arabera eta ezustekorik ezean, Iñigo Urkullu aukeratuko dute lehendakari, EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa egin ostean bi alderdietako legebiltzarkideen 41 botoak baititu bere alde jeltzaleak. Lehendakari izendatuz gero, Urkulluren hirugarren agintaldia litzateke, 2012an eta 2016an ere bera izan baitzen lehendakari izateko bozkatua.
Lehendakari berriak larunbatean egingo du karguaren zina Gernikako juntetxean. Urkulluk orduan du Jaurlaritzaren osaera ezagutzera emateko asmoa.
Elkarrekin Podemosek bozketan abstenitzeko asmoa agertu du, ez du hautagai bietako baten alde egingo. Arrazoia Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak adierazi zuen: “Hautagaitza batek ere ez ditu betetzen ezkerreko bloke indartsu bat osatzeko baldintzak”.
Bestalde, Elkarrekin Podemosek EAJk eta PSE-EEk sinatu duten koalizio gobernurako ituna kritikatu du, “asmo orokorriz josita” dagoela esanez. Garridok gardentasunik gabe jardun izana ere leporatu die Jaurlaritzako kideei, eta ondokoa azpimarratu: “Krisialditik irteteko hartuko dituzten neurri zehatzak argi eta garbi azaldu behar dituzte”.
PP eta Ciudadanos alderdien koalizioko legebiltzarkide Carlos Iturgaitzek ere gobernu akordioa ezkutatzea leporatu die.