argia.eus
INPRIMATU
Inbestidura akordioa sinatu dute EAJk eta PSOEk
  • Andoni Ortuzar EAJko buruak eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Espainiako Kongresuan egin dute sinadura ekitaldia asteazken goizean. Eduki osoaren berri ez dute oraindik eman.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 10a
Argazkia: EAJ

EAJko bost diputatuek, beraz, baiezkoa emango diote Pedro Sánchezen inbestidurari datorren astean egingo den bozketan. Coalición Canariako diputatu bakarrak ere horixe bera egingo duela iragarri du. Horrela bada, 179 aldeko boto jasoko ditu Sánchezek eta 171 aurka. Patxi Lopez diputatu sozialistak jakinarazi duenez, EAJ “lehentasunezko bazkidea” da, eta horrexegatik egon da Sánchez bera sinatze ekitaldian –ez du horrela jokatu beste alderdiekin–.

Oraindik eskualdatu gabeko eskumenen negoziazioetan aurrerapauso handiak egin direla iragarri dute jeltzaleek, eta autogobernuaren aitortzan, lan harremanen markoan eta euskararen indartzean ere bai.

Ez da gauza zehatzik aipatu, baina dokumentua ezagutzen duten iturrien arabera, gehienez bi urteren buruan egin beharko dira falta diren eskumenen eskualdatzea. Ertzaintzak portuetako zaintza eskuratuko luke eta eskumen gehiago ingurumen delituen ikerketan. Eremu ekonomikoan kontzertua aldatzeko konpromisoak adostu dira, eta 100 milioi euro adostu dira euskarak teknologia berrietan aurrera egin dezan.

Ortuzarrek jakinarazi duenez, inbertsioetan, azpiegituretan, eta herritarren bizimodua hobetzen dituzten neurri eta eskubideetan egin da aurrera.