argia.eus
INPRIMATU
Inauteriak ospatzeko hamaika modu
  • Antzinako errito eta ohituretatik jasotakoari esker inauteriak Euskal Herri osoan ospatzen dira. Hiri eta herrietan jendeak umorez igarotzen ditu aratusteak eta toki batzuetan urtarrilean izan baziren ere, Euskal Herriko txoko gehienetan ostegun gizenaren ondoren hasi dira festak.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 13a
Euskal Herriko hainbat txokotan mozorrotuko dira inauterietan. (Argazkia: Zuialde Herri Informazioa).

Zubietan, Iturenen eta Leitzan, besteak beste, dagoeneko igaro dituzte inauteriak. Hego Euskal Herrian debekaturik egon ziren jai hauek baina denboran zehar iraun dute, eta urtetik urtera herri gehiagotan ospatzen dira.

Azpeitia: Igandetik asteartera ospatzen dituzte karnabalak Azpeitian. Elegante Eguna igandean izaten da eta XX. mende hasierako modan oinarrituz mozorrotzen dira. Sokamuturrak ere garrantzia handia du.

        Azpeitiako Elegante Eguna. (Argazkia: Urola Kostako Hitza).

 

Lantz: Inauterietako astelehen eta asteartean ospatzen dituzte inauteriak. Ezagunak diren Ziripot, Miel Otxin, Zaldiko eta konpainia dira festaren protagonistak. Asteartean erretzen dute Miel Otxin erraldoia.

Markina-Xemein: Ezaguna da Markinako aratusteetako zahagi dantza. Zortzi lagunen artean dantzatzen da eta dantzarien aurretik, Hartzaren pertsonaia joaten da inguruko guztiak izutzeko asmoarekin.

Mundaka: Inauterien igandean atorrak ibiltzen dira kaleetatik barrena. Arropa zuriekin joaten dira atorrak, musika jotzen eta kantuan. Zuriz jantzita joaten dira guztiak, musika bandaren zuzendaria izan ezik.

Tolosa: Inauteriak ostegun gizenean hasten badituzte ere, igandetik aurrera mozorrotzen dira. Zezenketen, karrozen, konpartsen eta txarangen bueltan ospatzen dituzte inauteriak asteartera bitarte.

Unanu: Asteartean Mamoxarroak eta Muttuak kalera irteten dira jendeari makilarekin astintzeko asmoz. Mamoxarroak zuriz janzten dira eta aurpegia maskara batez estalita izaten dute eta Muttuak kolore biziz janzten dira.

Uztaritze: Hiru egunetan zehar Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorriak etxez etxe joaten dira dantzatzen eta eskean. Inauterietako asteartean, Zanpantzar herrian zehar ibiltzen da gurdi gainean eta azkenik, erre egiten dute.

Zalduondo: Inauterietako igandean Markitos pertsonaia da protagonista. Traje beltzarekin jantzitako panpina asto gainean herritik paseatzen dute. Ondoren, makila baten puntan ordu luzez uzten dute Markitos.